Aralar Bizirik herritar plataformak 5.000 sinaduratik gora bildu ditu dagoeneko
change.org webgunearen bitartez. Jasotako babesa “ikaragarria” dela azaldu dute eta “lehen helburua lortu” dutela jada. “Azken bi asteetan 1.000 sinaduratik gora lortu ditugu eta badirudi jendeak Aralarko auziarekiko duen kezka berpiztu dela”.
Sinadura bilketarako testuan, Aralarko pisten proiektua geldi dezala eskatzen diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta hartu beharreko edozein erabaki «naturaren babesaren menpe» jarri behar dela, beti ere ingurumen legedia errespetatuta.
Aralar Bizirik taldeak udaletxeetan aurkeztutako mozioa ere, dagoeneko 6 herritan onartu dutela gogorarazi dute. Horien artean daude Zaldibia, Itsasondo, Legorreta, Ikaztegieta, Ordizia eta Ataun. Amezketan puntuka bozkatu zuten mozioa; puntu horietako batzuk onartu zituzten, eta beste batzuk ez. Lazkaon, Abaltzisketan eta Beasainen berriz, ez zuten mozioa onartu.
Pisten proiektua auzibidean
Aurreneko pista proiektua auzibidean dagoela gogorarazi du plataformak, eta epaiketa laster izango dela. Enirio-Aralar Mankomunitateak ordea, Enirio eta Doniturrieta arteko pista zatiaren tramitazioa martxan jarria du. Aralar Biziriken ustez, “proiektu honek, aurrekoak zituen legehausteez gain, beste zenbait berri” ere baditu, hala nola, “legez bastutako agin eta gorostien mozketa”.
Aralarko egoeraren aurrean “kezka gizarteratzen” jarraituko dutela azaldu du plataformak. “Aralarren posible da legedia errespetatuz denontzat hobea izango den ingurune bat sortzea”. Baina horretarako “borondatea” behar dela azaldu dute, eta sinadura bilketa horren bidez, ordezkari politikoei borondate hori eskatu nahi diete.