Norvegiara, Reala ikustera
Realak Europako Ligako txapelketako partida jokatuko du bihar Norvegian, Rosenborg taldearen aurka. 300 realzale joango dira Euskal Herritik Trondheim hirira partida ikustera eta tartean goierritarrak ere egongo dira. Urko Zaldua
Realak Europako Ligako txapelketako partida jokatuko du bihar Norvegian, Rosenborg taldearen aurka. 300 realzale joango dira Euskal Herritik Trondheim hirira partida ikustera eta tartean goierritarrak ere egongo dira. Urko Zaldua zumarragarra, esaterako.
Zaldua betidanik da realzalea. «Etxekoak ere zaleak dira eta duela 19 urte Reala Europan jokatzeko sailkatu zenean, anaiari eta bioi bazkide txartela oparitu ziguten Gabonetako opari bezala. Ordutik bazkidea naiz».
Donostiako taldeak etxetik kanpo jokatzen dituen partidetara ere joaten da, noizean behin. «Lanean hasi nintzenean, kanpoko partidetara joaten hasi nintzen. Urtean behin joaten naiz, gutxienez. Realaren aitzakiarekin, turismoa egiten dut. Lauzpabost egun hartzen ditut hiria eta inguruak ezagutzeko».
Hiri askotan egon da: Tarragonan, Salamancan, Iruñean, Santanderren, Malagan, Lyonen eta Leverkusenen. «Gehienetan kuadrillakoekin joaten naiz, baina Lyon-go partidara amarekin joan nintzen. Bidaia gehienak Aitor Otegi lagunarekin egin ditut».
Oraingo honetan bakarrik joango da, ordea. «San Petersburg-eko partida oporretatik gertuegi zegoen. Mazedoniara joan nahi nuen, baina bakarrik joan beharra nuen. Oraingoan bai ala bai zen, ligaxkako azken partida baita».
Bidaia bere kasa antolatu du. Oslo eta Trondheim bisitatuko ditu. «Oslon museo asko daude. Trondheim-era partida egunean iritsiko naiz. Ea ez dudan arazorik. Biharamuna hiria ezagutzeko baliatuko dut eta hurrengo egunean etxera itzuliko naiz», azaldu du.
Reala ondo ikusten du. «Ondo ari da jokatzen eta, gainera, etxeko jokalariei aukerak ematen ari dira. Kopan eta Europako Ligan, zozketan zorte apur bat izanez gero, urrutira irits daiteke. Iaz Alavesek Kopa finala jokatu zuen, adibidez». Reala finalen batera iristen bada, ez du kale egingo noski.
Gustuko jokalariak
Egungo jokalarien artean, garrantzitsuena Illarramendi iruditzen zaio. «Taldeari oreka ematen dion jokalaria da. Odriozola, Iñigo Martinez… oso onak dira, baina garrantzitsuena Illarramendi da».
Garai batekoen artean, Kodro, De Pedro eta Kovacevik gustatzen zaizkio. «Bazkide egin nintzen garaiko jokalariak dira. Ume garaiko idoloak», aipatu du.
Anoetako partida guztietara joaten da. «Reala Bigarren Mailan zegoenean partida guztietara joaten banintzen, nola ez naiz ba orain joango! A ze taldeak ikusi genituen Bigarren Mailan: Granada 74, Ponferradina…». Hobe Rosenborg ikustea, bai.