Goierri Valleyko sei enpresak, duten ezagutza elkarbanatuko dute beste enpresa txikiago eta hornitzaileekin. Lehiakortasuna hobetzea da proiektuaren helburua
Win&Win proiekturen barruan, Goierri Valley aliantzako sei enpresa handik (Indar, CAF, Ampo, Orkli eta Irizar) beren erronkak eta etorkizuneko lan estrategiak azalduko dizkiete, enpresen aliantza osatzen duten enpresa txikiagoei edota hornitzaileei. Atzo izan zuten lehenengo saioa eta Indar enpresa beasaindarraren txanda izan zen.
Win & Win proiektuaren helburua «eskualdeko eraldaketa industrialaren prozesua hastea» dela argitu zuen Niko Errastik, Goierri Valleyko kudeatzaileak, eta helburu nagusia «sektore desberdinetako enpresa traktore liderren begirada estrategikoaz bideraturik, lehiakortasunaren aukera ez galtzen laguntzea» dela nabarmendu zuen.
Atzo Goiekiko egoitzan, Ordizian, egindako saioan, Indar enpresako ordezkariez gain, Goierriko beste hainbat enpresata-koak ere izan ziren; Ogei, Elkar, Gune, Arrano, Ope, Birzitek, Urgain, Fundallum, Orkli eta GH , besteak beste. Indar enpresaren ostean, bere lan estrategia azaltzen hurrengoa GH izango da, abenduan. Urtarrilean, berriz, Ampo, CAF, Orkli eta Irizar enpresen txanda izango da.
Proiektuaren lan lerroa
Markatu diren helburuak lortzeko asmoz, Win &Win proiektuan hainbat gai landuko dituzte. Hasteko, enpresa traktoreek, enpresa txiki eta ertainekin elkarbanatuko dute daukaten ezagutza, baita estrategia eta euren arrakastaren gakoak eta gaitasunak ere. Une honetan, lan lerroaren puntu honetan dago proiektua.
Segidan, enpresa traktoreen esperientziatik, enpresa txiki eta ertainen ahuleziak eta mehatxuak, indarguneak eta aukerak identifikatuko dituzte eta hobetu daitezkeen eremuen inguruan ekarpenak egingo dituzte. Gero, dibertsifikazio aukerak irekiko dituzte enpresa txiki eta ertainetan, sektore, bezero, merkatu eta prodektu desberdinetan.
Azkenik, enpresen etorkizuneko aukerak diseinatuko dituzte, Errastik adierazi bezala, «oinarri sendo batetik abiatuta». Horrela, «enpresak, XXI. mendeko erronkei aurre egiteko prest» egongo direla azaldu zuen. Horri guztiari, «innobazioarekin, balio erantsiarekin eta enpresek dituzten gaitasunekin emango zaio erantzuna», erantsi zuen Errastik.
Lehiakortasuna hobetzeko
Indar enpresako negozio arduraduna den Peio Garziandiak horrelako ekimenen «aldeko iritzia» agertu zuen, «negozio eredua zein den azaltzeaz gain, hornitzaile eta bezeroen arteko harremana estutzen» delako. Gainera, Indar Goierri Valley osatzen duten enpresetako bat izanda, «proiektu amankomun hau bultzatzen lagunduko» dutela argi utzi zuen Garziandiak. Izan ere, honek guztiak «enpresa guztion lehiakortasuna hobetzen» duela uste du. Horretarako «komunikazioa lehenengo urratsa» dela nabarmendu zuen Indarreko ordezkariak.