«Erasotzailea jomugan jarri behar da indarkeria kasuekin amaitzeko»
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren atarian eta Iruñeko bortxaketaren epaiketa puri-purian dagoela, ezinbestekoa da generoaz eta berdintasunaz hitz egitea. Yolanda Cervero (Urretxu, ...
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren atarian eta Iruñeko bortxaketaren epaiketa puri-purian dagoela, ezinbestekoa da generoaz eta berdintasunaz hitz egitea. Yolanda Cervero (Urretxu, 1965) psikologoa aditua da bi gaietan.
Zer da generoa?
Generoa danok gara. Askotan sexuarekin nahasten da, bainasexua biologikoa da, eta generoa konstruktu soziala da; sexu desberdinei funtzio eta balio sozial desberdinak egotzi dizkiegu. Egia da gizonak eta emakumeak desberdinak garela, baina arazoa ez da desberdintasuna, baizik eta gauzei, emakumezkoak egin edo gizonezkoak egin, balio desberdina ematen zaiela. Batari eta besteari eskubide diferenteak egozten zaizkio, ez hainbeste lege aldetik –gaur egun ia %100ean berdina da–, baizik eta ohituretan eta publikoki onartu edo baloratzen denean.
Nolatan hasi zinen gai hauekin?
Beti izan dut kezka hori. Txikitatik ikusi eta bizi izan dut neska eta mutila izatearen desberdintasuna: nire anaiak, mutila izateagatik, ni neska nintzelako egin ezin nituen gauzak egiteko baimena zuen. Nire familian, bestalde, emakumeak altxatu egin dira egin ezin zezaketenaren aurka.
Lanbidean ere txertatu duzu.
Bai. Psikologia ikasten ari nintzela gai batzuk genero kutsu inportantea zutela ikusi nuen, eta genero gaietan eta aukera berdintasunean trebatu nintzen Emakunde eta beste erakunde batzuekin. Psikologia formazioa eta generoaren ikuspegia batera landu ditut.
Zer aurkitu duzu orain arteko ibilbidean?
Hasteko, ikuspegi oso matxistaz kargatuta dauden psikologia teorien aurka borrokatu nahi izan dut. Gero, terapeuta gisa, min handia egiten duten genero hausturekin egin dut topo. Gauza asko gaindituta daudela dirudien arren, ez da horrela, eta egunerokotasunean aurkitzen ditut, adibidez, genero ideologiak eraginda bere hezkuntza afektiboa mugatuta duten gizonak, baita gaztetxoak ere. Eta azkenik, kultura eta garai guztiak gainditzen dituen genero ideologia horren biktima zuzen eta argiak diren emakumeak daude.
Zertan eragiten dio genero ideologia horrek emakumeari?
Emakumea gizona baino askoz ere gutxiago baloratzen da, emakumeei gizon bati egin ezin dakizkiokeen gauzak egiten zaizkio, soldata gutxiago ordaintzen zaio, gaizki tratatzen da ideologikoki, fisikoki, emozionalki, sozialki…
Aspaldiko kontuak dira. Ez da ezer aurreratu berdintasunean?
Horretaz hitz egitea eta desberdintasun horietaz jabetzea aldaketa nabarmena da. Hala ere, lanbide honetan daramatzadan 30 urteetan atzerapausoak nabaritu ditut. Lehengo nerabeak ditut gogoan, beraien ilusioekin eta emantzipazio eta berdintasun gogoekin; gaurkoak harreman mota arriskutsuetara itzultzen ari dira, eta oso matxistak diren mutilekiko sumisioaz harro dauden neskak ikusten ditut. Atzerakada handia da; eskerrak ikusi egiten den eta horrek bere aurka borrokatzeko aukera ematen digun.
Zergatik eman da atzerakada?
Patriarkatuak 10.000 urtetik gora daramatza galdu nahi ez duen botere bat erabiltzen. Historikoki boterea daukanak ez du galdu nahi, eta bere menpean dagoenak ihes ez egiteko borrokatu egiten du, bortxakeriaz gehienetan. Matxismoak eta patriarkatuak ez dute boterea galdu nahi, eta egia bada ere bi ideologia horien biktimak emakumezkoak eta gizonezkoak direla, are biktimago dira emakumeak. Beraz, nik nire boterea eta nire nagusitasuna mantendu nahi baditut, gehien irabazten duena izaten jarraitu nahi badut, nire familiak nik nahi dudana egiten jarraitzea nahi badut… baina nire botere horren menpean daudenak askatu egin nahi badira, indar gehiago erabiliko dut oraindik aska ez daitezen. Zergatik hiltzen du gizonezko batek dagoeneko utzi egin duen emakumea? Aldez aurretik pentsatutako ekintza izaten da, emakumeak bere menpe, bere esanetara ez jarraitzea ezin duelako jasan egiten du. Eta horrek, nire ustez, argi eta garbi erakusten du botere arrazoia dagoela tartean.
Gizonak kontziente al dira?
Asko bai, eta borondatez erabiltzen dute botere hori; beste asko ez dira kontziente, baina normaltzat hartzen dute, beti horrela izan delako.
Eta gizartea orokorrean?
Orain puri-purian dagoen Iruñeko bortxaketaren kasua bezalakoekin ageri-agerian jartzen da botere desoreka hori. Egoera ikaragarria da, bortxaketa bera, baina inguruan sortu dena ikaragarriagoa da oraindik. Emakume bat taldeko bortxaketa baten biktima da, eta erasotzaileak epaitu beharrean, biktima bera ari da epaitzen gizartea. Hori ez da gertatzen beste delituetan, ez da berdin neurtzen. Lapurreta baten biktimari, adibidez, ez zaio egozten lapurrari aurre ez egitea, ezta hilketa batean ere. Bortxaketa kasuetan, jantzitako arropagatik egoera emakumeek beraiek probokatu dutela edo bortxatzaileari frente ez diotela egin leporatzen diete. Hau guztia genero desberdintasuna da, eta horrek erakusten du aurrera egin dugula, bai, baina gutxi.
Hala ere, horrelako kasuek mesede egingo diote berdintasunaren aldeko borrokari.
Kontzientziazioan bai, egia da. Geroz eta emakume eta gizonezko gehiago jabetzen gara egoera hau astakeria hutsa dela, gizarte osorako. Ez lukete egon behar hainbat gauza egiteko eskubide osoa dutela uste duten pertsonak, ezta gauza horiek jasan eta sufritzeko obligazioa dutela uste duten pertsonak ere. Eta ez naiz ari sexu kontuaz bakarrik, baita ere ekonomiaz, lan munduaz…
Eta beti emakumea da galtzaile.
Beti, historikoki, baita XXI. mendean ere.
Emakumeen hilketa eta bortxaketa aipatu dituzu. Ez dira, horiek, ordea, emakumeek jasaten duten biolentzia bakarra.
Ez. Biolentzia mota asko daude. Lan munduan, adibidez: ekonomia independentzia da, eta ez da kasualitatea baldintza berberetan gutxiago ordaintzea emakumeari edo garbitzaileena bezalako lanbide feminizatuei. Zeharkako diskriminazioa da hori. Etxekoandreen soldataren gaia ere hor dago, emakume alargunen pentsioa…
Zure kontsultan, zer ikusi duzu?
Duela 20 urte oso zaila zen biolentzia kasuagatik emakume bat laguntza eske etortzea, eta hitzezkoaz, ekonomikoaz, edo etxe barruko indarkeria fisikoaz ari naiz. Gaur bai, etortzen dira, emakumeek egoera aldatzeko gogoa dutelako. Lehen bezalako beldurrarekin etortzen dira, baina poliki-poliki gizonaren aurrean ahalduntzen joaten dira eta aurre egiten diote egoera horri.
Aldaketa dator beraz.
Bai, eta nik badut itxaropena aldaketa horrekin. Baina kontuan izan emakumeen eskubideen alde borroka egiten duten emakumeak eta gizonak kritikatu egiten direla, eta emakumeentzako borroka horretan jardutea zaila bada, are gehiago gizonezkoentzat, genero ikuspegitik gizona bere rolaren aurka ari dela ematen duelako. Generoagatiko diskriminazioa desagertuta, denok irabaziko dugu.
Eta zein da bidea?
Hezkuntza pedagogikoa oinarrizkoa da, eta horren ardura handia politikoek dute, gizarte mugimenduekin batera. Herritarrok zergak ordaindu behar ditugula edo hezkuntza derrigorrezkoa dela barneratzeko egin duten bezala, legeak egin behar dituzte berdintasunaren alde. Hala, hilketa gaizki iruditzen zaigun bezala, emakumeek gutxiago kobratzea ere gaizki iruditu behar zaigu.
Asko dago egiteko baino. Bikotekideak hildako emakumeen kopurua ez da jaisten, adibidez.
Oinarrizko pausoak eman dira, eta etxe barruan gertatzen dena kanpora atera da. Lehen familiako kontuak ziren emaztea jotzea edo seme-alabak jipoitzea;?gaur kanpoan epaitzen da. Baina iraultza bat behar da gai hori konpontzeko, eta iraultza ez da gertatuko biktimari begiratu beharrean, erasotzaileari begiratzen hasi arte. Emakume bat mehatxatuta baldin badago, ez da logikoa bizkartzaina emakumeari jartzea, emakumea bere etxetik eta herritik ateratzea, seme-alabak eskolaz aldatzea… bitartean mehatxatzaileak bizitza normala egiten jarraitzen duenean.
Azaroaren 25a bezalako egunak baliagarriak al dira?
Arazoa ikusarazi egiten dute behintzat. Gaur, lehen ez bezala, gure herri, auzo eta portaletan indarkeri kasuak gertatzen direla jakin eta onartzen dugu.