Asier Santana entrenatzaile kargutik kendu du Real Unionek
Asier Santana teknikari idiazabaldarrak ez du gehiago Real Union taldea entrenatuko. Klubaren administrazio kontseiluak bere kontratua etetea erabaki du, eta hala jakinarazi dio entrenatzaileari gaur eguerdian.
Santana Realaren plantillan badago ere, 2016ko ekainean hasi zen Real Unionen lehen taldea entrenatzen. Aurtengo denboraldi hasiera ez da uste bezain ona izan, eta Irungo taldea 2. B mailako 12. postuan dago.
Klubak, “iritsi zenetik erakutsi duen dedikazioa eta ahalegina” eskertu dizkio Santanari, eta etorkizun profesional oparoa izan dezala opa dio. Real Unioneko plantillak atsedena hartuko du bihar, eta asteazkenean jarraituko dute entrenamenduekin. Klubak azaldu du Santanaren ordezkoa izendatzeko lanean ari direla.