Belen Gonzalez agurtu dute Lazkaon
Azaroaren 16an hil zen gaixotasun luze baten ondoren
Belen Gonzalez Peñalba ETAko buruzagi historikoak azken agurra jaso zuen atzo eguerdian Lazkaon, Sortuk eta hainbat herritarrek antolatutako ekitaldian. Lazkaoko frontoia agur horretan parte hartzera hurbildu zen jendez bete zen. Bertan elkartu ziren bere gertukoak eta Sortuko kideak; tartean ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi, Rafa Diaz, Arkaitz Rodriguez, Jose Luis Elkoro, Itziar Aizpurua eta Garbiñe Aranburu.
Azaroaren 16an hil zen Belen Gonzalez lazkaotarra Donostiako ospitalean, gaixotasun luze baten ondoren. 2009an minbizia detektatu zioten, eta harrez gero etxean zegoen, espetxealdi arinduarekin. Aurretik urte asko eman zituen deportazioan lehenik eta kartzela ezberdinetan preso gero.
Lazkaoko ekitaldian bere borrokak ekarri zituzten gogora, pertsonalak zein politikoak. Alde horretatik, bere borroka feminista eta ezker abertzalearekiko konpromisoa azken unera arte eraman zituela aurrera gogoratu zuten.
Ekitaldia euskal preso politiko zein iheslari guztiak gogoratzeko ere baliatu zuten.