Jaten dugunaz hausnartzen
Elikadura jasangarriaren inguruko hausnarketa integral bat bultzatzeko helburuarekin ‘Udazkeneko uzta baserritik’ jardunaldia egin dute Goierrin.
Ormaiztegiko Udalak eskatuta, Goierriko landa eremuaren alde ...
Elikadura jasangarriaren inguruko hausnarketa integral bat bultzatzeko helburuarekin ‘Udazkeneko uzta baserritik’ jardunaldia egin dute Goierrin.
Ormaiztegiko Udalak eskatuta, Goierriko landa eremuaren alde lan egiten duen Goimen elkarteak Udazkeneko uzta baserritik izenburupean jardunaldi sorta bat antolatu du urrirako eta azarorako. Jardunaldiaren helburu nagusiak bi izan dira bereziki. Batetik, herritarren artean elikadura jasangarri baten inguruko hausnarketa bultzatzea. Eta bestetik, jada, Gipuzkoa mailan bide horretan lan egiten dabiltzan elkarte, eragile eta norbanako ezberdinen artean zubiak eraikitzea.
Manex Aranburu Goimeneko teknikariak esan duenez, ez da kasualitate hutsa izan jardunaldiak Ormaiztegin bizkarhezurtzea. Izan ere, Gabirian, Ezkion eta Itsason jardunaldietako hainbat ekintza egin diren arren, Ormaiztegi izan da erreferentzia. Ormaiztegiko Udalak bazuen nolabaiteko interesa gai horiek herrian zabaltzeko. Kontraesana dirudien arren, «Goierri mailan Ormaiztegi da nekazal lur aproposenak dituen eremua. Hala ere, gaur egun ez da inor baserritik bizi herrian», esan du Aranburuk.
Era integralean aztertu
Elikadura jasangarrian sakontzeko ekintza ezberdinak eraman dituzte aurrera, baina norabidea bakarra izan da. Aintzira Oñederra jardunaldi hauen dinamizatzaileak esan duenez, elikadura jasangarria «modu integralean aztertzea nahi izan dugu». Hau da, zer jaten dugun edo nola jaten dugun horretatik harago, «jaten duguna non ekoitzia den, nola lantzen den, nola merkaturatzen den, kontsumitzailearengana iristeko zein bide urratzen dituen» horretan jarri nahi izan dute fokoa.
Helburu honekin beste ideia bat indartzea ere bilatu da, zeharka bada ere; «baserritarrak gizartean duen papera errekonozitzea eta jendea ohartaraztea hori horrela ez bada, baserritarrak desagertu egingo direla, eta ondorioz, kanpoko elikagai hornitzaileekiko sekulako dependentzia sortuko dugula», zehaztu du Aranburuk.
Jardunaldi horietan garrantzia berezia eman zaio, besteak beste, eskoletan elikaduraren gaia nola lantzen den aztertzeari. Oraindik egiteko asko badago ere, Oñederrak dio «Goierriko eskola gehienetan, zeharka bada ere, elikaduraren gaia lantzen dela konturatu» direla. Zentzu horretan Sant Cugat del Valleseko (Herrialde Katalanak) German Llenera udal teknikariaren hitzaldia izan da ekintzetako bat; «bertan martxan dagoen Agroekologia eskolan izeneko programaren inguruan aritu zen».
Kontsumitzaileak ere bai
Ormaiztegiko memoria historikoa lantzeko lanketa bat ere egin da. «Garai batean nekazaritzak herriko ekonomian zuen garrantziaz jabetzeko hausnarketa egin da, adibidez», Aranburuk zehaztutakoaren arabera. Erlezaintzaren inguruko ikus-entzunezko bat ere ikusteko aukera egon da. Gipuzkoako erlezainek erleak zaintzeko nekazaritzak jokatzen duen paper aktiboaz aritu dira. Ekintza praktikoak ere egin dira, Ormaiztegiko herri baratzeetan edo Ezkioko Igartubeiti baserri museoan, adibidez. Gabirian egin den Sagar egunean Bergarako La Salle ikastetxeko ikasleek hazien inguruko lanketa ere ekarri dute Goierrira, Hazi ezkutuen bila programaren barruan.
Herritarrek gaiaren inguruan kontzientzia har dezaten lehendabiziko hazia erein dute jardunaldi hauetan. Izan ere, Oñederrak dioen bezala, «ekoizleek bakarrik ahalegina egiteak ez du ezertarako balio, atzetik kontsumitzailerik ez badago».