Jesuita aberats pobrea
Idiazabalgo Eztenaga dorrean jaio zen orain dela 400 urte Migel de Abendaño Eztenaga, 1617ko urriaren 9an hain zuzen ere. Pedro Abendaño Oraa zuen ...
Idiazabalgo Eztenaga dorrean jaio zen orain dela 400 urte Migel de Abendaño Eztenaga, 1617ko urriaren 9an hain zuzen ere. Pedro Abendaño Oraa zuen aita eta Gracia Aizpurua ama. Lorenzo, berriz, anai zaharra. Eztenagakoa Idiazabalgo eta Gipuzkoa osoko familia boteretsuenetako batean jaiotakoa zen.
Ospe zabaleko eta jakituria handiko gizona zen Abendaño, erlijio gizona eta irakaslea izateaz gain, liburu asko eta asko idatzi zituena.
Aberats pobrea
Anaia zaharra Lorenzo izanda, hark zuen Eztenaga dorreko maiorazgoa, eta Miguel, erlijioaren bidea hartuta, 19 urterekin Jesusen Lagundian sartu zen. Erlijio ikasketak egin eta jarraian, irakaskuntzan urte ugari eman zituen, han eta hemen; Valladoliden, Sorian, Compostelako Donejakuen edota Iruñean. Irakasle bikaina omen zen; horregatik, ikasleak ez ezik, beste pertsona batzuk ere joaten ziren bere klaseak entzutera. Dena den, irakasle izateaz gain, hainbat eskolatako arduradun eta zuzendari lanak ere bete zituen. Eta ez hori bakarrik, zuen jakituriagatik hainbat gaitako kontsultore lanak egin eta apaiz eta obispo ugariren arimen zuzendari ere izan zen.
Erlijio gizasemeek txiroak izan behar zutela defendatu zuen beti eta horregatik, pobrezian bizitzeko hautua egin zuen Eztenagakoak, familia aberatsean jaiotakoa bazen ere. Halaxe idatzi zuen bere liburuetako batean; «El religioso no pobre, se haze vil y despreciable. La pobreza es altisima, porque nos hace Reyes».
Hitzeko gizona
Abendaño, Gabriel de la Calle Valladolideko gotzainaren konfiantzazko gizona ere izan zen. Gotzaina hil ondoren, bere ondarea pobreen artean banatzeko eskaera bete zuen. Espainiako Aita Santuaren ordezkaritzak, ordea, ez zuen begi onez ikusi eta gotzainaren ondarea elizarentzat izan behar zuela esan zioten. Eztenagakoak, gotzainaren esanari jarraituz, txiroen artean banatzen jarraitu zuen hark utzitakoa.
Aita Santuaren ordezkaritzak esandakoa ez betetzeak, arazo larriak ekarri zizkion Idiazabalgoari. Madrilera bidali zuten, eta han, preso egon zen sei hilabetez. Horrez gain, 1685ean idatzi zuen De divina scientia et praedestinacione izeneko obra debekatu zuen inkisizioak, federako kaltegarria zela aitzakia jarrita.
1686. urtean hil zen, presoaldiko baldintza kaskarrek eragindako gaixotasunagatik.