Urretxuko Udalak pilotalekua haurrentzat irekitzeko asmoa du
Euri egunetan guraso askok haurrak Urretxuko pilotalekura eramaten dituzte eta azken aste hauetan ezin izan dute egin, bertako taberna ez delako jada egunero irekitzen. Tabernak itxita jarraituko du (egun berezietan
Euri egunetan guraso askok haurrak Urretxuko pilotalekura eramaten dituzte eta azken aste hauetan ezin izan dute egin, bertako taberna ez delako jada egunero irekitzen. Tabernak itxita jarraituko du (egun berezietan bakarrik irekiko dute), baina udalak gurasoen eskaera aintzat hartu du eta pilotalekua astebururo irekiko du. Funtzionamendua aztertzen ari da eta aste honetan bertan emango du ezagutzera.
Jon Luqui alkateak eredua aztertzen ari direla esan du. «Ez dugu nahi gurasoek pilotalekuko tabernan poteatzen duten bitartean haurrek jolasteko toki bat izatea. Ezta inongo kontrolik gabeko txiki-park bat izatea ere. Ordutegia, garbiketa… zehaztu behar dira. Gainera, beharbada, jolasak antolatuko ditugu. Orain arte pilotalekua tabernaren arduradunak irekitzen zuen eta aurrerantzean taberna ez da ardatza izango».
Irekiera egunak
Taberna udalarena da eta aurreko esleipendunak dirua ematen ez zuelako utzi zuen. Egun Santa Barbarako aterpetxekoak arduratzen dira tabernaz eta egunero irekitzea ez dela errentagarria diote. Hori dela eta, egun berezietan bakarrik irekitzen dute. Abenduaren 26tik 30era irekiko dute, Gabonetako parkea eta Gabon Kopako pilota partidak direla eta.
Egoera hau baliatuta, udalak taberna berritzeko asmoa du. Sukaldea txukundu eta komunak berrituko ditu. Obrak Gabon Kopa txapelketako finalen ondoren hasiko dira. «Ez dut batere argi pilotalekuko taberna egunero irekitzea komeni den edo ez. Herri batzuetan soldata txiki bat ordaintzen diete tabernez arduratzen direnei, baina taberna bat ez da zerbitzu publiko bat».
Bestalde, pilotalekuaren erabilera sustatzeko neurriak hartuko dituzte. «Herritarrak pilotan jokatzera joatea nahi dugu».