Bizitzaren arnasa
Olaberriko Mariela eta Pedro Rivasek aire garbia arnasteko aukera eman diote Ukrainako sei urteko Vladislava neskatoari, 1986an gertatu zen Txernobilgo istripu ...
Olaberriko Mariela eta Pedro Rivasek aire garbia arnasteko aukera eman diote Ukrainako sei urteko Vladislava neskatoari, 1986an gertatu zen Txernobilgo istripu nuklearraren ondorioak jasaten ari baitira oraindik.
1986ko apirilaren 26an historiako istripu nuklearrik handiena gertatu zen Txernobilgo zentral nuklearrean (Ukraina). Bi leherketa handi gertatu ziren eta bertan sortutako suteak –hamar egun iraun zuen– material erradioaktibo kantitate handia zabaldu zuen, Europako herrialde gehienetaraino iritsiz. Ordutik, eta urte luzetan, inguruko herritarren osasunean eragina izan duen hondamendia izan zen.
Egoera horren aurrean, ondorio erradioaktiboak jasaten dituzten haurren osasuna hobetzen laguntzea da Chernobilen Lagunak elkartearen egitekoa. 1996az geroztik, Ukrainako Ivankiv herriko Doviria gizarte-etxearekin batera egiten du lan; Txernobildik 50 km baino gutxiagora dagoen zonalde horretan, euren familiekin bizi diren 6 eta 18 urte bitarteko adin txikikoentzat denboraldi mugatuko harrera egitaraua antolatzen du udako bi hilabeteetan. Izan ere, Munduko Osasun Erakundearen arabera, adin txikiko horiek kutsatutako eremu honetatik kanpora igarotzen duten hilabete bakoitzeko, beren bizitza itxaropena 12 eta 18 hilabete bitartean luzatzen da. Horrezaz gain, erradioaktibitatearen segurtasunerako Belrad Institutuak dio egonaldi horiei esker umeen erradioaktibitatearen maila % 30 eta 40 bitartean jaisten dela. «Beren sistema immunologikoa ahulduta dago. Elikadura osasuntsu eta anitzarekin erradioaktibitatetik urrun bi hilabete igarotzeak, beren defentsak ugaltzea dakar eta beren jaioterriko negu gorriari hobeto aurre egiten laguntzen die», dio Chernobilen Lagunak elkarteak.
Familien inplikazioa
Olaberrian bizi diren Mariela eta Pedro Rivas venezuelarrek Chernobilen Lagunak elkartearen helburuekin bat egin, eta aurtengo udan, bi hilabetez, 6 urteko Vladislava neskatila izan dute etxean. «Harrera programan sartzeko, sei urteko haurra izatea nahi genuen, ahalik eta txikiena, gure asmoa, 17 urtera arte ekartzea baita», azaldu du Marielak. Ez dute berehalakoan ahaztuko Vladis ezagutu zuten eguna: «Grabatuta daukat. Hasieran urduritasun handia geneukan, beldurra ere bai. Ez genekien nola komunikatuko ginen. Baina gaztelaniaz bazekien zerbait, eta mimikarekin, berehala jarri ginen, eta oso ondo. Txakurra ere badugu eta berehala elkar besarkatu zuten», zehaztu du Pedrok. Amari deitzeko telefono zenbakia zuen koadernotxoa eskuan zuela iritsi zen. «Hasieran egunero deitzen zion», gogoratu dute, «gerora gutxiago».
Oso harreman estua sortu zen beraien artean: «Lehenengo egunetan etxera itzultzeko egunak zenbatzen aritzen zen, baina bukaerarako, etxera ez zuela itzuli nahi esaten zigun», gogoratu dute Marielak eta Pedrok hunkituta. Sei urteko haurra izanda, Ukrainan bizi zuten egoera ez zuen gehiegi kontatzen, «baina Vladisen kasuan, nahikoa egoera onean bizi direla dirudi. Alaba bakarra da, gurasoak gazteak dira eta biek lan egiten dute. Amarekin oso harreman ona egin dugu». Osasun aldetik, «guztiek dute osasun arazoren bat, eta Vladisek eztarrian zuen ahuldadea, baina bi hilabetean asko indartu zen. Oso jale ona zen eta denetik jaten zuen. Fruta asko jaten zuen egunero. Aire garbia arnasteko esaten genion, arnasa sakon hartzeko». Itsasoko kresala arnasteko aukera izan zuen: «Lehenengo aldiz ikusi zuen itsasoa», dio Marielak.
Agur esateko eguna ere ez dute sekula ahaztuko: hasierako urduritasunak eta beldurrak berehala uxatu, eta tristura nagusitu zen beraien bihotzetan. «Ez zuela joan nahi esan zidan niri, eta Pedrori berarekin Ukrainara joateko esan zion». Hala ere, badakite itzuliko dela eta astero hitz egiten dute oraindik Vladisekin, eta teknologia berriei esker, argazkiak eta mezuak trukatzen dituzte ia egunero.
Rivastarren ustez, «bi aldeentzako da esperientzia ona, oso aberasgarria da. Etorkizunean bizitza hobe bat izan dezaten, aire garbia arnasteko aukera eman diogu, kutsatu gabeko elikagaiak janari eman diogu…. Bizitza eta osasuna ematen ari zara haur horri, etorkizun hobea izan dezan. Beraiek horrekin aberasten dira. Gu, berriz, oso pozik geratu gara, gizaki bezala, hazten laguntzen digu, edozeini gomendatuko genioke», diote.
2018ko kanpaina
Dena den, Chernobilen Lagunak elkarteak ez du momenturik onena bizi, gero eta familia gutxiago baitira Gipuzkoan Ukrainako haurrei aire garbia arnasteko aukera ematen dietenak. 2018ko uda antolatzen ari dira eta familiak behar dituzte ahalik eta haurrik gehien ekartzeko. Interesatuek 689 586 277 telefonora deitu edo www.chernobilenlagunak.com webguneko formularioa bete behar dute. «Oso erraza da», diote: «Aurrekari penal eta sexualik ez edukitzea bakarrik da baldintza. Laguntzeko gogoa besterik ez da behar».