Biharko Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldiz betetako egitaraua dute gaur beasaindarrek
Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna egun betez aurreratu dute Beasainen, eta gaurko udalak prestatuta zuen egitarau zabala atzerapen piska batekin eta eguraldi txarrarekin hasi bada ere, aurrera doaz poliki-piloki antolatutako ekitaldiak
Txuku-mutxu… zatoz hiztunen trenera lelopean.
Gernika pasealekuko pilotalekuaren estalpean ari dira burutzen euskararen aldeko ekintzak: photocall-a, testu irakurketak, antzerki saioak, hizketaldiak, kantujira, herri bazkaria, Hitzez txapelketa, musika, dantza eta datorren urterako hainbat udaletan martxan jarri nahi duten 365 egitasmoaren aurkezpena, besteak beste. Udalaren hitzetan, “Beasaingo elkarte, eragile eta norbanako gehienen parte hartzea” bilatu dute euskararen aldeko jai honekin.
Jaiaren egitarauari udaleko ordezkariek eman diote hasiera Euskararen Nazioarteko Egunaren aldeko adierazpen insituzionalaren irakurketarekin. PSEko Shanti Urdanpilleta, Bilduko Amaia Barandairan eta EAJko Leire Artolak irakurri dute dokumentua; bertan, euskararen alde egiteko auzolanaren beharra aldarrikatu eta “Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, urtean 365 egunez” mezua zabaldu dute.