Elur gehiago egingo zuela iragarrita zegoen, eta horrela izan da. Bart eta gaur goizean botatakoarekin –eguerdian mara-mara ari zen Goierri osoan– inguruko mendi eta zelaiak eta herri altuenetako kaleak zuri mantendu dira, atzo margotutako estanpari eutsiz. Legazpin, Urretxun eta Zumarragan arazo txikiak izan dira zirkulazioan, eta elurra kentzeko makinak etengabe ibili dira lanean goiz osoan zehar, kaleetan zein espaloietan. Errepideetan, aldiz, ez da arazorik izan eta zabalik mantendu dira sare nagusiko guztiak.
Pronostikoek diotenez, elurra botatzen jarraituko du iluntzera arte, eta gauean tenperatura bajuak egingo ditu, hainbat tokitan izotza egiterainokoak.
Elurteak irudi ikusgarriak utzi ditu Goierriko hainbat tokitan. Hona hemen Legazpin, Urretxun eta Ormaiztegin ateratako argazki batzuk.