San Nikolas Txikiarekin kantuan aterako dira Zegaman, Legazpin eta Seguran
San Nikolas Txiki gogoan, errondak edo kantu eskeak egingo dituzte datozen egunetan Goierriko hiru herritan. Zegaman eta Legazpin bihar aterako dira kalera, eta Seguran asteazkenean.
Zegaman, Aitxuri ikastetxeko ikasleek 09:00etatik aurrera abestuko dute. Tradizioak dio San Nikolas haurrei laguntzen zien gotzaina zela, eta ohiturak haurretako bat gotzainez janztea agintzen du. Zegaman bi jantziko dituzte: Ugutz Sudupe eta Arene Martin. 6. mailakoak 09:00etan irtengo dira eta 10:30ean LHko gainontzeko ikasleekin elkartuko dira. 11:30ean Haur Hezkuntzakoak elkartuko zaizkie.
Legazpin, 15:00etan, Latxartegin, San Nikolasen Miraria antzezlana aurkeztuko dute Haztegiko DBH2ko ikasleek. 17:30ean, San Nikolas errondan abiatuko dira Laubidetik, herriko ikastetxeetako ikasleak eta irakasleak koplak kantatuz, Musika Eskolako ikasleen musika lagun dutela. Aurten Aner Telleria izango da San Nikolas, Haztegi ikastolako DBH1eko ikaslea. Errondaren amaieran txokolate beroa banatuko dute.