«Erditze gogorra izan da baina oso gustura gaude emaitzarekin»
Ez da geldirik egotekoa. Alor eta saltsa askotan aritzen da Aitzol Barandiaran (Ataun, 1986). Bertsolari bezala egin zen ezagun, ikasketaz kazetaria ...
Ez da geldirik egotekoa. Alor eta saltsa askotan aritzen da Aitzol Barandiaran (Ataun, 1986). Bertsolari bezala egin zen ezagun, ikasketaz kazetaria bada ere. Telebistako hainbat saiotarako gidoilari lanak egiten ditu, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak aurkezten ari da ETBn. Taula gainean bertsoak kantatzeari utzi zion, baina oholtzetan eroso aritzen da Bi Bala taldearekin. Arazo modernoak diskoa besapean dutela datoz, eta lehen kontzertu batzuk eginda, Durangoko Ahotsenean aurkeztuko dute bihar.
Hirugarren diskoa duzue.
Bai, bost urtean hirugarrena, konturatzerako!
Nork esango zizuen Kursaaleko ekitaldi famatu hartan hiru disko aterako zenituztenik?
Hasieran ez genuen disko bat ateratzeko asmorik ere. Taldea sortu genuenean hiru lagun hasi ginen, eta oso zuzenekoetara bideratutako gauza bat zen, ikuskizun puntualak balira bezala. Baina tira, denborarekin gure hitza jan dugu. Hasieran bertsioak-eta egiten genituen, kantu ezagunen doinuak hartu eta bertso moldera eraman; jolas moduan. Behin gure kantuak egiten hasi ginenean, gure doinu propioak sortzen joan ginen. Hor hasi zen kantu horiek disko batean biltzeko ideia, eta beste bide bat hartu genuen. Pixkanaka kontzertuetan gure kantak bakarrik jotzera iritsi gara. Eta konturatzerako, hirugarren diskoa!
Azkeneko diskotik hiru-bat urteko etena izan duzue. Nahita bilatutakoa izan al da?
Azkeneko diskoarekin bira egin eta urtebetez egon gara jo gabe. Gu ez gara honetara bakarrik dedikatzen, eta ezin ditugu kontzertuak egin eta dis-koan zentratu. Asteroko martxa ere nahiko lotua da, lana, entseguak, asteburuetan kontzertuak… Sorkuntzari denbora kentzen zaio. Lasaitzeko premia ere ikusten genuen, ez elkarrekin nazkatu garelako, baina lasaitu eta opor txiki batzuk hartzeko. Eta egia esan, lehen hilabeteetan ez genuen ezer egin, baina gero pixkanaka hasi ziren ideiak etortzen, eta berehala ilusionatu ginen. Urtebeteko epe hori ondo etorri zaigu, reseteatu, indarberritu eta ideia freskoekin bueltatzeko.
Zer berrikuntza edo aldaketa dakar disko honek aurrekoekin alderatuta?
Dezentekoa. Aurreneko bi diskoetan, letra askoko taldea izan gara. Ez dakit zer esan asko genuelako-edo, baina letra askoko kantuak ziren. Bertso moldeetan egiten saiatzen gara, baina horrek azkenean letra eskatzen du, eta kantuen iraupena ere luzatu egiten da. Gure kanta asko bost minututik gorakoak dira, eta alde horretatik hausnarketa txiki bat egin genuen taldean. Batez ere zuzenekoak kargaz arindu behar genituela, kanta zuzenagoak eta arinagoak egin. Gu zuzenekoetako taldea gara, diskoetakoa baino gehiago. Horretara jo dugu, eta disko honetan badaude bi eta hiru minutuko kantak, erritmoz biziagoak… Estilo denak jorratu ditugu, baina orokorrean nabaritzen da aldaketa hori.
Kantuak ‘kantuago’ direla esan liteke orduan?
Bai, hori da. Bertso ikuskizun batetik abiatuta, gaur egun gehiago gara musika talde bat. Ez intentzio garbi batekin, baina zuzenekoak ere hori eskatzen duela ikusi dugu, eta naturalki egin dugun bide hori konfirmatu egin digu disko honek.
Dagoeneko eman dituzue aurreneko aurkezpen kontzertuak.?Kantu berrietan harrera hori nabaritu al duzue?
Bai. Nik uste aldaketa antzeman dela. Ez kantuak hobeak edo okerragoak direlako, baina esango nuke entzuleei hobeto sartu zaizkiela. Kanta berriak zuzenean jotzen dituzun lehenengo aldian beti izaten duzu beldur hori. Diskoak ere ez dira garaiz iritsi, eta behar bada ez ziren baldintzarik onenak disko bat aurkezteko. Baina Bonberenean eta Iruñean egin ditugun lehen kontzertuetan, harrituta gelditu gara, kantu berri horiekin lortu dugulako halako feedback bat. Jendea piztu egiten zen, errepika errazeko kantak dira, biziak, zuzenak, eta alde horretatik oso gustura.
Bonberenea aipatu duzu. Diskoa han grabatu duzue, ezta?
Bai, bigarren aldia dugu. Aurrenekoa Mikel Anestesiarekin grabatu genuen Zarautzen. Bigarrenerako Bonbereneakoak gurekin harremanetan jarri ziren, ea bigarren diskoa beraiekin grabatu nahi genuen. Erraztasun guztiak jarri zizkiguten, eta gerora han entseatzen bukatu dugu; guretzako bigarren etxea bihurtu da. Eta Karlos?Osinaga Txap-ekin grabatzea oso esperientzia ona izan zen. Gainean egoten da, proposamenak egiten ditu, eta oso sentsazio ona utzi zigun. Eta hirugarren diskoa grabatzeko ere ez genuen inolako zalantzarik izan eta haiengana jo genuen.
Eta emaitzarekin gustura gelditu al zarete?
Bai. Erditzea gogorra izan da. Beti grabatzera lokaletik joan gara, gauza bakoitzak nola behar zuen jakinda. Baina bigarren diskoak beste eskarmentu bat ematen du, eta pentsatzen duzu, halako egin bagenu, edo soinu hura bilatu izan bagenu… Batez ere besteengan atzeman dut hori, musikariengan. Oraingoan zalantza horiek aurretik izan ditugu, buelta asko eman dizkiogu. Soinu aldetik perfekzionistagoak izan gara, orain arte ez bezala. Horrek eskatu du estudioan ordu asko pasatzea, instrumentu eta pedal asko probatzea… Gogorra izan da, baina emaitzarekin oso gustura gelditu gara. Soinu aldetik badago jauzi bat aurreko diskoetatik. Landuago dago.
Kontzertuekin hasita zaudetela esan duzu. Hurrengoak noiz dituzue?
Urtea bukatu artekoak lotuta ditugu. Larunbatean [bihar] Durangon izango gara, Ahotsenean, Errekaleorren ere bai, Gasteizen, eta 28an Arrasaten. Kontzertu faltarik ez dugu eta alde horretatik zortekoak gara.
Bertsolaritzatik izan da joera bat musikarekin lotu eta gauza berriak egitekoa.
Urtetakoa esango nuke. Elortza eta Iturriagaren Zazpi Eskale eta Gu ta Gutarrak, Jon Maiaren Karidadeko Benta… Probatzeko eta esperimentaziorako saiakerak egon dira eta guk ere hortik jan dugu. Behin bertso sariketak eta bukatutakoan, 18 bat urterekin, Hamaika Bertute, bertso musikatuak… gu ere hor hasi ginen probak egiten. Bi Balarekin hasi ginenean 25 bat urte izango genituen. Hodei Barroso eta sekulako lana egiten ari dira bertsoa eta rap-a uztartzen. Jon Martinek ere badu bere taldea, Bidelapurrak, Fredi Paia eta Gibelurdinak… Bakoitza bere estiloan, batzuk bertsotik gertuago eta besteak urrunago, baina gauzak egiten dira. Zirkuitoa badago, eskaera ere badago, eta hori zorte handia da.
«Txapelketaren onena gazteak nolako indarrarekin datozen ikustea izan da»
Bertsolari?Txapelketa Nagusia azken txanpan sartu da. Esatari moduan ari zara ETBn.
Bertsolari bezala ez naiz txapelketetan parte hartu zalea, baina entzulearentzako da-goen gauzarik handiena da. Duela lau urte egin nuen proba telebistan; kameraren aurrean ez naiz nahi bezain suelto aritzen, baina ondo sentitu nintzen. Aurten Uxue Alberdirekin ari naiz. Gaitasun handia du azalpenak emateko; bere iritzia fin-fin eta kantuan ari denari minik eman gabe ematen du, eta uste dut berari esker oreka polita lortu dugula. Honen atzean?Bertsozale Elkartea dago, oso gertuko jendea da eta horrek ere laguntzen du.
Eta txapelketa bera, nola ari zara bizitzen?
Intentsitate handiz. Erabat zurrunbilo horretan sartuta, kinielak direla, puntuazioak… eta intentsitate handiz bizi duzu-nean, saio onekin gozatu egiten duzu, eta ez hain onekin sufritu. Nik uste dut txapelketaren gauzarik politena dela bertsolaririk beteranoenak gazteenekin batera ikustea, eta txapelketa honek orain arte eman duen gauzarik onenetakoa hori izan da, ikustea bertsolari gazteak zer nolako indarrarekin datozen; batez ere emakumezkoak. Nerea Ibartzabal, Oihana Iguaran… Plazetan ere ari dira demostratzen, baina horrelako eskaparate bat behar da publiko handiarengana iristeko. Ni horrekin gelditzen naiz.
Finalari begira sorpresaren bat izan al liteke?
Auskalo. Badakigu Maialen eta Amets hor egongo direla, baina Sustrai ikusi dut orain arte ikusi gabeko mailan. Harrigarria da zer nolako segurtasunarekin ari den, eta koska bat edo bi gora egin ditu. Nik ez dut txapeletik urruti ikusten, eta Mendiluze bera ere ez. Dena dago irekita. Behetik beste era batera ikusiko dugu, baina disfrutatzeko eguna izango da.