Arrieta-Skufca bikotea izan da irabazlea pala motzean eta Etxabarren-Sanz paleta larruzkoan

Olaberriko IV. Eliteko Pala Txapelketak eman du berea. Gaur 12:00etan hasita jokatu dituzte finaleko partidak Olaberriko pilotalekuan. Atzo izan ziren finalaurrekoak, goizean eta arratsaldean. Afizionatu mailako munduko palari onenak neurtu dituzte euren indarrak Olaberrian. Pala motzeko modalitatean Garikoitz Arrietak (Olaberria) eta Emiliabo Skufcak (Argentina) osatutako bikotea izan da onena, Xabier Ibargureni (Lazkao) eta Imanol Ibañezi (Bilbo) 33 eta 40 irabazita.

Xabier Berasategi, txapelketako antolatzaileak esan duenez, “partidu borrokatua espero genuen eta hala izan da”. Skufca argentinarra zen aurten ere txapelketako faborito nagusiena, eta bere jokoa gailendu da Berasategiren hitzetan, nahiz eta aurkari gisa “aparteko pilotaria” izan duen, Ibañezi keinu eginez. Pala motzeko finalari dagokionez, bi aurrelariak etxekoak izateak ere sortu du ikusmira. “Biek ala biek partida bikaina egin dute, baina azkenean bakarrak irabazi zezakeen”, esan du Berasategik.

Paleta larruzko modaliatean Alfonso Etxebarren eta Mikel Sanz bikote iruñarra izan da irabazlea. Beñat Ibargureni (Lazkao) eta Javier Labianori (Iruñea) alde handiz irabazita, 35 eta 13. “Etxebarren eta Sanz ziren faboritoak, baina partida borrokatuagoa espero genuen” esan du. Partida honi dagokionean aurrelari lazkaotarraren papera azpimarratu nahi izan du Berasategik, “paper ona bete du”.
Amaitzeko gaztetxoen mailan Xabier Aldaniz eta Haimar Galarraga izan dira irabazleak. 25 eta 19 irabazi diote Iker Garridok eta Ibai Zulaikak osatutako taldeari.

Txapelketarekin oso gustura agertu da Berasategi, “bai atzo, hala gaur, jende asko gerturatu da frontoira partidak ikustera”, esan du. Partida “interesgarriak eta borrokatuak” ikusteko aukera izan da eta datorren urteari begira antolatuko duten txapelketari begira ideia berriak ez zaizkiela falta azpimarratu du. Amaitzeko, txapelketa posible egin duten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie lerro hauen bitartez.