Eguzki eta Naturkon taldeek jarritako salaketaren harira, Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio foru zuzendariek Tolosako epaitegian deklaratu beharko dute asteazkenean
Arantxa Ariztimuño eta Felix Asensio foru zuzendariek Tolosako epaitegian deklaratu beharko dute, Aralarko pisten auzia dela eta. Eguzki eta Naturkon natur taldeek jarritako salaketari bide eman zion auzitegi horrek, eta horrenbestez, arduradun moduan agertu beharko dute bi kargudunek. Ariztimuño mendi zuzendaria da eta Asensio obra hidraulikoena, nahiz eta proiektua onartu zenean ingurumen zuzendari karguan zegoen.
2016an hasi ziren Enirio eta Goroskintxu arteko pista egiten, eta Eguzki talde ekologistak eta Naturkon natur taldeen kolektiboak auzitara jo zuen, proiektuak Enirio-Aralar parke naturaleko araudiak urratzen zituela iritzita.?Aldundiko bi zuzendariak jotzen dituzte iaz eraiki zuten pista zatiaren arduradun, eta «lurralde antolamenduaren aurkako delituak» egitea leporatzen diete.
Naturkone gogorarazi du legez «debekatuta» dagoela Enirio-Aralar natur parkean pista berriak egitea, eta mankomunitateak eta aldundiak bultzatutako proiektuak ez duela Natura 2000 sareko guneetan indarrean dagoen legedia betetzen azaldu du. «Natur Ondare eta Biodibertsitatearen Europako eta Estatuko legediek ezarritako ingurumen inpaktu ebaluazio egokia falta zitzaion».
Baina eginda dagoen pista zatiaz gainera, Aralarren beste pista berri bat zabaltzeko tramitazioa abiatu dutela gogorarazi du Naturkonek, nahiz eta proiektu berri horrek «iazkoak zeuzkan lege-hauste berberak» eragingo dituen. Horrek guztiak, bi zuzendarien «gaitasun eza eta arduragabekeria politikoa» agerian uzten dituztela salatu du natur taldeak.