Legazpiarrek emandako kapsulak garbitu eta berrerabili dituzte, zuhaitza ikusgai dago zentroko sarreran
Legazpiko Udalak urte hasieran Garagunearekin adostu zuen Gizarte Zentroko Gabonetako zuhaitza haiek egingo zutela eta hitza bete dute. Zuhaitza jada jarrita dago sarreran. Berezitasun bat dauka gainera, hain zuzen legazpiarrek erabili eta Garagunera eramandako kafe kapsulekin egin dute zuhaitza. Kapsulak garbitu eta berrerabili egin dituzte. Udaletik Garaguneko kideek egindako lanari balio handia eman diote: “Materialak berrerabili dituztelako eta herriari egiten dioten ekarpenagatik”. Aurreko urteetan ere, materialak berrerabilita herria apaintzeko hainbat lan egin zituzten: plastikozko botilekin egindako udal balkoiko apaingarriak, Herritarren Arreta Zerbitzuko zuhaitza eta udaletxeko balkoietako Inauterietako apaingarriak.