Legazpiren hari muturra
Legazpiko Patricio Echeverria segatiegian lan egin zuten hiru langile elkartu ditu Burdinola elkarteak. Garai hura gogoratu dute, segak nola egiten zituzten azaltzeaz gain.
1961ean, 72 langile ari ziren lanean Patricio Echeverria segategian; 1980an, 50; eta 1990ean, 25 besterik ez. “Behin segategia itxita, langileak beste nonbait kokatu eta han egiten ez zituzten segak saltzen hasi ziren; hain justu, Patricio Echeverria markarekin saldu zituzten Italian eta Austrian egindako segak”. Beldarrainen esanetan, “onak” ziren Legazpin egiten zituzten segak. “Ez ziren Alemanian edo Austrian egiten zituztenak baino hobeak, baina ezta okerragoak ere”. Oro har, ez zen batere erraza segategiko langileen lana. Trebezia berezia behar zuten eskuekin. “Hainbat zatitan banatu zuten prozesua, eta industria diziplinaren araberako denborak zehazten zizkioten bakoitzari”. Sega bakoitzeko 35 operazio edo zati ziren guztira. Bizitza, segak leuntzen Rogelio Botanz (Olatzagutia, Nafarroa, 1926) 20 urterekin hasi zen Patricio Echeverria segategian lanean. Bizitza osorako kontratua egin zioten lantegiko kamioi batek anaia gazteena harrapatu eta hura hil ondoren. Segategiaren historiak ezkutatzen duen giza istorioetako bat da nafarrarena, Legazpiren biografia idazten laguntzen duten horietako bat. Botanz apopilo izan zen Legazpira iritsi zenean. Natividad Parrarekin ezkondu zen zortzi urte geroago, eta ganbara bat izan zuten lehen bizitokia; haren hitzetan, beste familia batzuekin partekatzen zuten sukaldea, eta hotza pasatzen zuten. Emazteak ez zuen lan egin etxetik kanpo. Patrizio Etxeberriak puntuetan ematen zizkien hobariak langileei, emazteek etxetik kanpo lan egin ez zezaten. Parrak, ordea, hamaika lan egiten zuen etxean. Ganbaratik Arantzazu auzoko solairuarteko etxebizitza batera joan ziren gero, eta euren etxean apopiloak hartu zituzten hirugarren alaba jaio zen arte. Patrizio Etxeberriak eraiki eta haiei utzitakoa zen etxe hura. Botanzek gogoan dauka lantegiko mailaketaren arabera banatu zituztela etxebizitzak. “Sega leuntzailea nintzen ni, eta bederatzigarren mailan nengoen, garbitzaileen pare”. Solairuartea egokitu zitzaion Botanz sendiari, baina Parrarentzat huraxe izan zen aukerarik onena. “Belar gainean manta bat jarri, eta han ipintzen nituen umeak, gertu-gertu”. Sei seme-alaba izan zituzten, eta biak ala biak harro daude guztiei ikasteko aukera eman zietelako. Are harroago begiratu dio senarrak emazteari etxearen antolaketa guztia emaztearen esku zegoela aitortzean. “Natik egindako ahalegin guztiari esker egin ahal izan zituzten ikasketak seme-alabek”. Parraren hitzetan, “ederrak” izan ziren urte haiek. Rogelio seme zaharrenak ikasketak uzteko tentazioa izan zuela gogoratu dute gurasoek, baina lantegian aritu zen uda hartan, eta ikasteari ekin zion gero, “inolako zalantzarik gabe”. Legazpin harilkatzen den matazaren hari bat besterik ez da Botanz eta Parra familiaren historia. Legazpiar beste hari dago herrian, eta Patricio Echeverria lantegia ageri da hari mutur gehienetan.“Patricio Echeverriako segak ez ziren Alemanian edo Austrian egindakoak baino hobeak, baina ezta okerragoak ere” Oñaki Beldarrain (lantegiko langile ohia)
“Sega leuntzailea nintzen ni lantegi hartan, eta bederatzigarren mailan negoen, garbitzaileen pare” Rogelio Botanz (lantegiko langile ohia)