Ataungo herriak Juan Arin ikertzailea omendu du, obra osoa argitaratuta
Omenaldi herrikoia, instituzionala eta “zor” zitzaion aitortza ekitaldi berean jaso zituen, atzo iluntzean, Juan Arin Dorronsoro ikertzaile ataundarrak (Telleriazpi, San Gregorio, 1898 – 1972). Jaiotzaren 125. urteurrena zen egun berean, Arin familiak, Aranzadi zientzia elkarteak, Ataungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak goratu dute Arinen lana. Herri Antzokian herritar ugari bildu dira, tartean Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro, Aranzadi elkarteko Jose Alberto Andres eta Fermin Leizaola, Lazkaoko Beneditarren Artxiboko Juan Joxe Agirre, eta beste hainbat ikertzaile.
Aranzadi elkarteak, bere aldetik, omenaldia baliatu du Juan Arinen obra osoaren argitarapena iragartzeko, eta lehenengo bolumena erakusteko. Guztira, 3 bolumenetan 12 liburuki argitaratuko ditu. Atzo, aurrenekoa aurkeztu zuten: Juan Arinen idazlan guztien bilduma. Lau liburu dira, 1.200 orrialde denera. Aldizkarietan ateratako artikulu guztiak, eta egin zuen liburu bakarra (Ataungo kleroari eta erlijioari buruzkoa) datoz. Paperean, 50 ale bakarrik inprimatu dituzte; gainontzean, pen-drive banatan banatu zieten gonbidatuei eta partaideei edizio digitala.
Jose Alberto Andres etnografo goierritarrak atondu du edizioa. Bigarren bolumena 2018an aterako dutela aurreratu du Juantxo Agirre idazkari nagusiak. Arinek argitaragabe utzitako hiru lanek osatuko dute: Etnografia de Ataun, Caserios de Ataun eta Toponimia de Ataun (gaztelaniaz atera zituen ikerlanak). Hirugarren emanaldia, Arinen dokumentazioak osatuko du, “nola lan egin zuen erakusteko”.
Zor zitzaion omenaldia
Maitane Aizpuruak aurkeztu zuen ekitaldia, antzokian. Lehenengo, Txema Zubizarreta herritarrak ekoitzitako bideoan laburtu zuten Arinen bizitza eta ekarpena. Hitzaldien atala Asier Rodriguez alkateak ireki zuen, eta Juantxo Agirrek (Aranzadi) jarraitu; 2018ra arte Juan Arin Dorronsororen Urtea ospatuko dutela argitu zuen.
Joxe Bikuña ataundarrak asko ezagutu zuen Arin; Don Juan Txiki izengoitiaren esanahia argitu zuen: “Ez zen gizon txikia zelako. Parrokian beste Don Juan bat zegoelako baizik. Bat Don Juan Handia zen, Gabillenekoa; hau Don Joan Txikie, Karnizerikoa (San Martingo bizilekuagatik)”. Gizon eta kristau “konprometitua” zela oroitu du Bikuñak: “Umila, zerbitzala, irekia, langilea… zen. Ataun eta herria benetan maite zituen. Ataungo seme kuttunetan, lehenengoa bera dela esango nuke. Zor genion omenaldia, Don Juan Arin bezalako altxor bat ez da sekula itzaltzen”.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak ere balio handia aitortu dio Arinen lanari: “Baserri mundutik industriarenera gizartearen transformazioaren garaian, leku gutxitan egin zena egin zen Ataunen: aldaketa gertatzen ari zen unean, lehengoa bildu zen. Joxe Migel Barandiaran jeinuaren eskutik, baita hark aholkatuta eta bultzatuta Juan Arinen eskutik ere. Gure historia eta kultura aztertzeko funtsezko lana da. Ez du esanahi lokala bakarrik, Euskal Herri osokoa baizik”.
Familiaren izenean, Jexux Arinek hartu zuen hitza. Arin Dorronsoro “nahiko ezezaguna” izan dela deitoratu zuen, “Atauni buruz gehien idatzitakoa izan zen arren”. Zientifikoki, Joxe Migel Barandiaranen itzalak “estali” du, nolabait, Arinen garrantzia. Bien artekoa harreman estua eta lagunkoia zela gogoratu du.
Ilobari oparia: zuhaitz genealogikoa
Ekitaldiko une hunkigarrienetako bat, Puri Arin ilobari egindako keinua izan zen. 93 urterekin, oholtzara igo zen Arin Dorronsororen ilobetan bizirik dagoen bakarra. Arin familiak sendiaren zuhaitz genealogikoa oparitu zion. Ikertzaileak berak egin zuen, eta, hain justu, Puri Arinen izena idatzi zuen azkenekoa.
Bukatzeko, Ataungo Eate abesbatzak bi abesti kantatu zituen, Arinek jasoak: Santa Ageda bezperan eskean erabiltzen den Deon Grazias, eta Urtezahar eguneko Berri onakin gera. Otsoak taldeko dantzariek bukatu zuten omenaldia.