Giro ona eta salmenten gorakada Santa Lutzi ferian
Aste eguna izanda eta eguraldiak segurtasun handirik ematen ez zuela ikusita, aurtengo Santa Lutzi azoka eskasa izateko arriskua bazen. Ez da hala izan ordea. Eguraldiak eutsi egin dio, eta goizeko lehen orduetan kalean jende askorik ez bazebilen ere, eguerdirako bete egin dira Urretxuko eta Zumarragako plaza eta kaleak. Aurten guztira 451 postu jarri dituzte.
Santa Lutzi feria ganadu salmentagatik da ezaguna, eta azken urteetan tratu kopuruak behera egin izan badu ere, aurten igoera izan da salmentetan. Guztira, 327 abelburu ekarri dituzte, eta aurten 130 saldu dira. Gehiena moxalak (64) eta zaldiak (27), baina baita astoak (24),pottokak (6), poniak (6) eta ahuntzak (3) ere. Aurten ez da ez mandorik, ez txerririk, ez behi edo zezenik, eta ezta ardirik ere saldu.
Fruitu, barazki, ezti eta animalien lehiaketak ere egin dituzte. Oilaskoetan Jose Luis Elgarresta urretxuarra izan da sarituen artean, eta kapoietan Quintin Garmendia eta Lurdes Mintegi, biak ere urretxuarrak. Errezil sagar lehiaketan Gabiriara joan dira lau sarietatik hiru, eta baita fruitu lehiaketako sariak ere. Zaldi abere sariketetan, Zaldibiako ZAPE elkarteak, Jose Ramon Peñagarikano gabiriarrak eta Jesus Lizarazu urretxuarrak jaso dituzte sariak, eskualdekoei dagokionean. Mendiko zaldietan berriz, Idiazabal, Ezkio, Zaldibia, Zegama eta Lazkaora ere joan dira sarietako batzuk.