Zumarragak 12,7 milioiko aurrekontua onartu du
Zumarragako Udalak 2018ko aurrekontua onartu zuen astelehenean, PSE-EEren aldeko botoekin, EAJ eta Irabaziren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoekin. Udalak 12.775.000 milioiko aurrekontua izango du: aurten baino %7,11 gehiago. Udalak
Zumarragako Udalak 2018ko aurrekontua onartu zuen astelehenean, PSE-EEren aldeko botoekin, EAJ eta Irabaziren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoekin. Udalak 12.775.000 milioiko aurrekontua izango du: aurten baino %7,11 gehiago. Udalak iaz baino diru-laguntza gehiago lortu dituelako igo da aurrekontua.
Diru-laguntza garrantzitsuenak lau dira. Eusko Jaurlaritzak 730.000 euro emango dizkio Zumarragako Udalari ospitaleko aparkaleku berria egiteko. Aparkaleku hori jaurlaritzak egin behar zuen, baina azkenean udalak egingo du. 250 autorentzako tokia izango du.
Bestalde, aldundiak 137.000 euro jarriko ditu atletismo pista berritzeko eta 23.300 Saltsamendi baserriko bidea konpontzeko. Aldundiak 40.000 euro emango ditu plazako azoka gunea ixteko eta jaurlaritzak 20.000. Pista berritzea 274.000 euro kostako da eta azoka ixtea 141.000.
Zumarragako Udalak herriko auzoetan ere obrak egingo ditu. Legazpi Auzuneko inpermeabilizatze lanak bukatzeko 40.000 erabiliko ditu, Okendoko espaloiak berritzeko 60.000 eta Sakristiatik Iparragirre hiribidera doan espaloia berritzeko 97.000. Gainera, San Gregorio 37ko etxea zegoen tokian haurrentzako parkea, adinekoentzako gimnasia makinak eta aisialdi gune bat jarriko dituzte. Aisialdi gune honek piknik mahaiak edukiko ditu.
Gobernu taldeak (PSE-EE) Zerbitzu Sozialak eta Ekonomiaren Garapena sailetan egingo den ahalegina azpimarratu zuen. Zerbitzu sozialetan 1.220.000 euroko aurrekontua edukiko dute eta gizarte kohesioa, adinekoen bizi kalitatea eta familien eta haurren ongizatea izango dute helburu.
Ekonomiaren Garapena, Tokiko Garapen eta Berrikuntza sailaren aurrekontua 180.000 eurokoa izango da. Berrikuntza bezala, 12-16 urtekoen artean ekintzailetasuna bultzatuko dute, eta mahai bat eratuko dute lokal hutsak erabiltzeko. Gainera, urtarrilean merkataritza biziberritzeko plana aurkeztuko dute eta gazteen emantzipazioa eta ekintzailetasuna bultzatzeko programak iaz baino 40.000 euro gehiago izango ditu.
Lehen sektoreari dagokionez, Goimenekin eta inguruko beste udalerri batzuekin batera, erabiltzen ez diren lurrei erabilpena emateko lan egiten ari dira. Helburu nagusia lehen sektorean lanpostuak sortzea da.
Euskara
Euskara sailari dagokionez, Mikel Serrano alkateak udal barruan erabilera sustatzeko lan egin behar dutela azpimarratu zuen. Udalak Goierriko Hedabideak enpresarekin duen hitzarmena eta euskara erabiltzen duten merkatariei ematen zaizkien diru-laguntzak ere aipatu zituen.
Oposizioko alderdiek aurrekontuei buruzko iritzia eman zuten, eta beraiek egingo luketenaren berri eman zuten. EH Bilduko ordezkariek herritarren parte hartzea bultzatzeko egitasmoa txalotu zuten, baina beraiek parte hartzeari buruzko ordenantza bat prestatuko luketela esan zuten. Teknikariak eta politikariak parte hartzeari buruzko saio batzuetan parte hartzen ari dira, eta alkateak erabakia saio horiek bukatutakoan parte hartuko dutela erantzun zuen.
EH Bildu
EH Bilduk liberatuen soldata izoztea edo jaistea, panel informatibo digitalak jartzea, udalean euskararen erabilera sustatzeko plan bat onartzea, herriko parke bat estaltzea, Urretxurekin batera bi herrientzako autobus zerbitzua eskaintzea, gazteentzat etxebizitza komunitarioak egitea eta mertzedariatar lekaimeen lorategia herritarrei irekitzea (murrua botaz) proposatu zuen.
Urretxu eta Legazpirekin elkarlanean kiroldegia hobetzea, subiranotasun energetikoa, autokonpostajea eta bidezko merkataritza bultzatzea, garapen bidean dauden herriei laguntza handiagoa ematea, berdintasun politikentzat diru gehiago bideratzea, aniztasun arloan lan egingo duen pertsona bat kontratatzea eta etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko lan egitea ere beharrezkoa dela esan zuten EH Bilduko zinegotziek.
EAJren iritzia
EAJk gazteentzako enplegu plan indartsu bat eta Eitzako adinekoentzako lokal bat eskatu zituen. Eitzako pilotalekua estaltzea eta Artiz auzoan aurreikusitako etxebizitzak egin bitartean aparkaleku bat egokitzea ere proposatu zuen.
Irabaziren proposamenak
Irabazik, EH Bilduk bezala, liberatuen soldatak jaistea, subiranotasun energetikoa eta elikagai subiranotasuna bultzatzea eta kiroldegia berritzea eskatu zuen. Horretaz gain, Unai Orbegozo zinegotziak puntu beltzen mapa eguneratzea eta bizikletentzako aparkaleku bat egitea proposatu zuen.