Sandra Cliville eta Jenny Cruz sortzaileek Naza dendan eskaini dituzte beren lanak. Joanikoenean atondu dute denda, proba modura. Abenduaren 24ra arte egongo da
Gabon aurreko erosteko sukarra baliatuz, eta Ataunen bertan egiten duten artisau-sorkuntzako lana herritarrei bertan eskaintzeko aukera emanez, denda-ekimen berria ipini dute Ataunen: Naza. Herrian bizi diren Sandra Cliville eta Jenny Cruz artisauen ideia da, eta denboraldiko denda modura proba egitea pentsatu dute.
Juanikoenea etxearen behea hartu dute, udaletxearen ondoan, garai bateko aurrezki kutxa eta okindegi lokala. Asteartean ireki zuten Naza denda, abenduaren 24ra arte edukiko dute (09:30-13:00 eta 16:30-19:30).
Artisau bakoitzak bere aldetik egiten dituen produktuak batu dituzte dendan. Batetik, Cruzek haurren pardel berrerabilgarriak, poltsak, pufak, lerde-zapiak, konpresa birziklagarriak, haurrak soinean eramatekoak edota mantalak jarri ditu.
Herrian ezagutarazi
Clivillek, artillez ehunduriko feltrozko osagaiak eta jantziak, dekoraziorako elementuak edo tindatutako haur arropa jarri ditu.
«Ataunen bertan ekoizten dugu, eta azokaz azoka kanpoan ibiltzen gara, azkena Ficoban. Gure sorkuntza herrian ezagutarazi eta eskaini nahi genuen, eta hortik dator Naza denda. Ea nola ateratzen den», dio Clivillek.