‘Bizi D’Elikatuz eta mugituz’ kanpainaren aurkezpeneko irudia, gaur, Foru Aldundian
Elikadura eta jarduera fisikorako ohitura egokiak sustatzeko
Bizi D’Elikatuz eta mugituz 2017 kanpaina aurkeztu dute gaur, Foru Aldundian, Donostian. Aurtengoa, sentsibilizazio kanpaina hau abian jartzen duten 12. urtea da eta oraingoan, 2 eta 10 urte bitarteko familiei dago zuzenduta. Elikadura eta jarduera fisikorako ohitura egokiak sustatzeko mahai oihaltxoa eta familian egiteko sukaldaritza osasungarriko tailerrak izango dira, aurtengo kanpainak ekarriko dituenak. Ordiziako D’Elikatuz zentroak, Foru Aldundiak, Ordiziako Udalak, Kutxa fundazioak eta gai horretan adituak diren hainbat profesionalen elkarlanetik abiatutako ekimena da.
Iñaki Iturrioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikariak adierazi bezala, «gipuzkoarren osasuna eta bizi kalitatea hobetzea da kanpainaren helburu nagusia. Horren harira, «adin goiztiarretan eragiteak, prebentzioa bermatzen» duela azaldu du Leire Arandiak, Ordiziako D’Elikatuz zentroko zuzendariak.
Lanerako tresnak
Elikadura eta osasunari buruzko heziketa kanpaina hau aurrera eramateko familian egiteko sukaldaritza osasungarriaren tailerra antolatu dute. Bi tailer eskainiko dira; abenduaren 23an beata eta 30ean bestea, Kutxa Kultur-ek Tabakaleran dituen instalazioetan izango dira, 11:00etan.
Arandiak argitu duenez «gurasoak eta haurrak elkarrekin lanean jartzea eta beraien elikaduran fruta eta barazkiak noiz eta nola sartu ikastea dira helburuetako batzuk». Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldariaren eskutik, familian sukaldatu eta sukaldaritzaz gozatzeko gomendioak landuko dira tailer horietan. Parte hartu ahal izateko, aldez aurretik izena ematea komeni da
www.kutxa.eus weborrian.
Bestalde, banakako mahai ohial bat ere banatuko dute «aurrez jasotako mezuak gogoratu eta barneratzen joateko», gehitu du Arandiak. Izan ere, bizitza osasuntsurako hainbat gomendio agertzen baitira. Mahai oihalaren 3.000 ale inprimatu dira, haurren artean banatzeko.