Urte zahar egunarekin batera, San Silbestre probak egiten dituzte Goierriko hainbat herritan. Beasaingoa da denetan beteranoena; aurten 44. edizioa beteko du. Ordiziakoak berriz, 41. urtea du aurten. Lazkaokoak eta Zegamakoak 6. edizioa beteko dute. Eta denetan berriena, aurten 3. urtea beteko duen Urretxu-Zumarragako kros mistoa da. Dagoeneko izena emateko epea zabalik dago guztietan.
Beasain
Beti-Bizi elkarteak antolatzen du Beasaingo XLIV. San Silbestre Krosa. Igande eguerdiko 12:00etan hasiko da proba Gernika pasealekutik, baina parte-hartzaileek 9:30ak eta 11:30ak artean pasa beharko dute txipa eta dortsala jasotzera. Izena
kirolprobak.com webgunean eman behar da, 5 euro ordainduta, abenduaren 29a baino lehen. Korrikalariek 9,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Probaren aurretik, San Silbestre txikia ere egingo dute, 10:30ean.
Ordizia
Goiz Aterpe elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatu dute Ordiziako XLI. San Silbestre Proba, Jose Manuel Caballeroren omenezkoa. Proba 18:00etan hasiko da, eta 6,3 kilometroko ibilbidea du. Izena
kirolprobak.com webgunearen bidez eman behar da, beranduenera bezperarako. Izen-ematea doakoa da. Benjamin, infantil eta alebin mailako gaztetxoen proba ere egingo dute, 17:00etan.
Legorreta
Bilkoin kirol elkarteak 35. urtez antolatuko du San Silbestre krosa Legorretan. 12:00etan hasiko da eta 3,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Proba herrikoia da, doakoa, eta legorretarrek bakarrik har dezakete parte.
Lazkao
Antzar Korrikalariak taldeak antolatzen duen Lazkaoko San Silbestreak seigarren urtea beteko du aurten. 13:00etan hasiko da eta 5 kilometroko ibilbidea du. Izena
sailkapenak.com webgunean eman behar da. Izen-ematea doakoa da. Umeen proba ere egingo dute aurretik, 12:00etan.
Zegama
Elkartu Nahi kirol elkarteak antolatzen duen Zegamako San Silbreste probak ere seigarren urtea du. Gazteenetakoa bada ere, sona handia hartu du korrikalarien artean, jokoan Zegama-Aizkorri mendi maratoiko dortsala lortzea dagoelako. 17:30ean hasiko da eta 5,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Izena
kirolprobak.com webgunean eman behar da, 10 euro ordainduta.
Zumarraga
Bikotekako San Silbestre Kros mistoa. Urola Triatloi Klubak antolatzen du. Proba 16:30ean abiatuko da Areizaga-Kalebarren plazatik eta parte-hartzaileek 5 kilometroko ibilbidea (2,5 km-ko zirkuituari bi itzuli) osatu beharko dute. Izena
herrikrosa.eus webgunean eman behar da, 6 euro ordainduta; egunean bertan, 10 euro kostako da.