Barandiaran Bekarekin Arrasateko Lezetxiki aztarnategiaren bilakaera ikertuko dute
Jose Migel Barandiaran Fundazioak gaur jakinarazi du, Ataunen, 2017ko bekaren deialdia norentzat izango den: Maria Jose Iriarte eta Alvaro Arrizabalagak jasoko dute 10.000 euroko diru laguntza, aurkeztu duten proposamena garatzeko. Arrasateko (Gipuzkoa) Lezetxi kobazuloko aztarnategi arkeologikoaren historia mardula, eta batik han ia ehun urtean han garatu den ikerketa bilduko dute.
Lezetxiki aztarnategiaren iragana eta oraina dokumentatuko dute, azterketan. Joxe Migel Barandiaranek burututako indusketa-lanak digitalizatu eta eguneratuko dituzte, gordeta eduki ahal izateko luzarora begira. Informazio guztia transkribatuko dute, erraz erabili ahal izateko. Eta informazio guztia “Barandiaranen testuinguru pertsonalean eta akademikoan kokatuko dute, erregistro hori indusketetan bereskuratutakoarekin bateratuz”.
Epaimahaiaren arabera, “oso planteamendu zehatza eta interesgarria” egin du saria jaso duen lantaldeak. Aurtengo helburu bat jarri zuten Fundazioak: Barandiaranek irekitako aztarnategi baten bilakaera aztertzea. “Eta bete-betean bat egiten du proposamenak”. Iriarte eta Arrizabalaga Lezetxikiko indusketen arduradun izan dira 20 urtean, 1996tik 2016ra. “Bultzada nabarmena emango diote garai batean Barandiaranek egin zuen lanari, eta gaurkotu egingo da haren legatua”.
Lezetxiki, aztarnategi garrantzitsuenetakoa
Lezetxiko haitzuloaren aurkikuntzaren berri 1927an jaso zuen Joxe Migel Barandiaranek, Gasteizko Apaizgaitegian irakasle zela. Bere ikasle zen Justo Jauregi-Arraburu arrasatearrak jakinarazi zion. Barandiaran 1956an hasi zen industen, gerra ondoren Lapurdin erbesteratuta egotetik itzuli zenean. Euskal Herriko historiaurrearen aztarnategi garrantzitsuenetakoa da Lezetxiki. Guztira, 34 ekinaldi egin dira han: 13 Barandiaranek eta haren laguntzaileek zuzenduta, eta beste 21 beka jaso duten Iriartek eta Arrizabalagak.
Hezur eta harrizko tresna ugari azaleratu dira. Orain dela 215.000 urteko neandertal eta cromagnon gizakienganaino atzeratzen da krono-historia.