Legorretako Udalak Etxezarreta paper fabrika biziberritzeko proiektu proposamena egin dio aldundiari. Ekoizpen, aisialdi, sormen eta egitasmo gune gisa planteatu dute
Etxezarreta paper fabrikaren etorkizuneko irudia, GAC estudioak egina.
Etorkizunari ateak ireki nahian, Legorretako Udalak beste aukera bat eman nahi dio Etxezarreta paper fabrikari. Etorkizunean “aukera ugari” izan ditzakeen espazio bat dela uste du Zelai Amenabarro alkateak, eta, lan lerro gisa ideia hori hartuta, proiektu bat garatu dute Goieki Garapen Agentziarekin eta Eibarko GAC arkitektura bulegoarekin batera. Proposamen hori aurkeztu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, hark Etxezarreta paper fabrikako eraikin multzo bat biziberritzeko konpromisoa hartuko duen itxaropenez.
Herritarrek eurek joan den abenduaren 2an ezagutu zuten landu duten egitasmo berria. Proiektuaren ideia nagusiak biltzen dituen bideo bat proiektatu zuen udalak, eta proiektuaren inguruko xehetasun guztiak argitu ahal izan zituzten bildutakoek. Proiektu hori gauzatuz gero etorkizunean Etxezarreta paper fabrika nolakoa izango den ikus daiteke ikus-entzunezko horretan.
Udalak azaldu duenez, “anbizio handikoa eta berritzailea” da proiektua, eta Amenabarrok uste du “onura handia” egingo liekeela herriari berari eta eskualdeari. Alkateak, ordea, badaki “kostu handia” izango lukeela eraikin multzo hori biziberritzeak, eta argi dauka ez dela erraza izango helburua lortzea. Dena den, “benetan merezi duen proiektu bat” dela uste du, eta, horregatik, sinetsita dago elkarlanak “emaitza ona” izango duela.
Aldundiari proposamena
Paper fabrikaren egungo itxura.
Eskualdean oinarrituta dago aurkeztutako proiektua, eta enpresa mundua eta gizartea bera lotzeko erronka du. Hartara, ekoizpen, aisialdi, sormen eta egitasmo gune gisa planteatu dute Etxezarreta. Gaur egun, aldundiaren jabetzakoa da paper fabrikaren eraikin multzo bat, Oria ibaiaren ondoan dagoena, hain zuzen. Haren egoera ez zen batere ona, eta erosi egin zuen, irtenbideren bat emateko asmoz. Bulegoen eraikina eta tximinia mantentzea eta gainerako guztia eraistea zen aldundiaren asmoa.
Horren jakitun, eta etorkizunean eraikinak berak izan zitzakeen aukerak ikusita, paper fabrika ez eraisteko eskaera egin zion udalak aldundiari 2015aren amaieran. “Denbora pixka bat irabazi, proiektu bat prestatu, eta aldundiari aurkezteko aukera izan genezakeen horrela”.
Alkateak nabarmendu du udalak bi helburu zituela eskaera hori egiteko : “Batetik, eremu horretako industria lurzorua ez galtzea”; eraikina eraitsiz gero, eremu horretan ezingo zen berriro ezer eraiki. “Bestetik, berriz, eraikin multzoaren ondare balioari eustea”. Izan ere, aldundiak berak aitortua dio balio hori, eta bulegoen eraikina babestua dago herri mailan.
“Anbizio handiko proiektua da, berritzailea, eta onura handia egingo lioke herriari berari eta eskualdeari”
“Proiektua gauzatzeko eta hura garatzeko finantzaketa bere gain hartzeko eskatu diogu aldundiari”
Zelai Amenabarro (Legorretako alkatea)
Goieki Goierriko Garapen Agentziara jotzea izan zen hurrengo pausoa. Amenabarroren esanetan, Goiekik “berehala” ikusi zuen aukera Etxezarreta eskualdeko estrategian txertatzeko. “Ikusi zuen bestelako aukerak sor zitzakeela, herrian ez ezik eskualdean ere”. Garatzeko tokia behar dute Goiekiren barruan sortutako enpresek, eta horretarako aukera ere eskain ziezaiekeen paper fabrikak. Hala, 2016ko irailean, aldundiak diru laguntza bat eman zion Goiekiri, Goierrirako garapen iraunkorra oinarri zuen estrategia definitzeko eta proiektu bat aurkezteko.
Amenabarrok azaldu duenez, proiektu horren barruan garatu da aldundiari egindako proposamena. Azken urtebetean, etorkizunerako proiektu hori prestatzen aritu da GAC arkitektura estudioa, eta irailean aurkeztu zioten aldundiari. Horrelako proiektu baten kostua “handia” izanik, proiektua gauzatzeko eta hura garatzeko finantzaketa bere gain hartzeko eskatu zioten aldundiari. “Erantzunaren zain gaude orain”, azaldu du Legorretako alkateak.
1902an sortutako fabrika
Fernando Redon arkitekto nafarrak diseinatutakoa da Legorretako eraikina, eta Juan Jose Etxezarreta ezkiotarrak sortu zuen paper fabrika, 1902an. Haren garrantziaren erakusgarri, ehun bat langile zeuzkan jada gerra hasi aurretik. 1941ean hil zen Etxezarreta, eta haren suhiek segitu zuten negozioarekin. 1958rako, 223 pertsona ari ziren lanean fabrikan; urte hartan eraiki zuten bulegoen eraikina. Hasierako urteetan kartoia ekoizten hasi ziren fabrikan, eta 1916an ekin zioten papera ekoizteari.
1973an, apaltzen hasi zen langile kopurua. 2004an, berriz, La Salvadora enpresak erosi zuen, nahiz eta ordurako geldiezina zen gainbehera. Urtebete besterik ez zuen iraun La Salvadorak. 2009an Amarozek erosi arren, 2010ean utzi zion papera egiteari. Harrezkero, eraikina nola erabili pentsatzen aritu da Legorretako Udala. Iraganean herriaren motorra izan zen Etxezarreta paper fabrika, eta uste dute etorkizunean ere betekizun garrantzitsua izan dezakeela herrian eta eskualdean.