Goierriko artearen uzta
Goierriko artisten arte sorkuntzaren erakusleiho eta topagunea bilakatuko da larunbatetik urtarrilaren 4ra arte Beasaingo Igartzako jauregia. Hainbat estilo, molde eta materialetako ...
Goierriko artisten arte sorkuntzaren erakusleiho eta topagunea bilakatuko da larunbatetik urtarrilaren 4ra arte Beasaingo Igartzako jauregia. Hainbat estilo, molde eta materialetako 33 artelanetik gora jarriko dituzte ikusgai.
Eguberriak gertu daudenaren seinalea izaten da Goierriko Artisten Topaketaren erakusketaren inaugurazioa. Bihar, hilaren 16an, Beasaingo Igartzako jauregiko erakusketa aretoa, Goierriko artisten lanaren erakusleiho bilakatuko da beste behin ere. 18:00etan irekiko dute Goierriko sormenaren erakusketa kolektiboa.
Pasa den mendearen bukaeran, Iker Dorronsoro, Iñaki Sanchez eta Jesus Lopez Zulueta pintoreen arteko solasaldietatik sortu zen Goierriko Artisten Topaketa egitasmoa, eta Goierriko artistek bere egin zuten hasiera-hasieratik. Lopez Zuluetaren esanetan, artistak publikoaren beharra dauka: «Egindako lana erakusten ez bada, bidean galtzen dela dirudi. Normalean, ateak ireki behar izaten ditu artistak, batzuek erraztasun gehiago izaten dute, baina erakutsi beharra daukagu», eta horretarako sortu zuten Goierriko Artisten Topaketa.
Txandan-txandan, artistak eurak arduratzen dira erakusketa antolatzeaz. Iker Dorronsoro eta Itziar Hernandez dira aurtengo hamaseigarren edizioaren antolatzaileak. Momentuz, 33 artistek eman dute izena. «Azkeneko orduan bakarren bat gehiago ere azalduko da seguruenera», dio Iker Dorronsorok. Goierritik kanpoko artistak ere gonbidatzen dituzte urtero, Lopez Zuluetak nabarmendu duenez, «Goierrira aire berria» ekartzeko.
Aniztasuna
Aniztasuna da erakusketa kolektiboaren ezaugarri nagusienetako bat: diziplina anitzetako adin eta belaunaldi desberdinetako artistek osatzen baitute urteroko erakusketa kolektiboa. Artista bakoitzak obra bana eramaten du, eta horrek estilo, material eta molde ezberdinen nahasketa interesgarria sortzen du. Batez ere, eskultura, argazki eta pintura lanak jartzen dituzte erakusgai. «Iaz argazki asko izan ziren», gogoratu du Dorronsorok. Artelan bakoitzak erakusketan leku egokia izan dezan eta ondo ikus dadin, baldintza bat bete behar izaten dute obrek: gehienez, 1×1 metro izatea. Urtarrilaren 4ra bitartean egongo da erakusketa zabalik, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Bazkaria Aterpen
Aurtengo edizioan bada berritasun bat: erakusketa inauguratu aurretik, 14:00ak aldean, bazkaria egingo dute Goierriko artistentzat oso garrantzitsua den leku batean: Beasaingo Aterpe tabernan, hain zuzen ere. «Beste urteetan afaria egiten genuen, baina jaisten ari zen eta aurten bazkaria egitea erabaki dugu», nabarmendu du Dorronsorok.
Izan ere, erakusketa soila baino gehiago da Goierriko Artisten Topaketa. Goierrin sortzen den artearen erakusleihoa izatearekin batera, artisten arteko topagunea ere izaten da. Bakoitzak egiten duena erakusteko eta besteak zertan dabiltzan ikusteko aukera paregabea da Goierriko artistentzat, konfiantza giroan, ideiak eta iritziak elkarbanatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Lopez Zuluetaren esanetan, «elkarri bultzada emateko ekitaldia izaten da; artiston artean iritziak, jakinduria, ideiak elkarbanatzeko. Laguntasun handia dago gure artean.
Goierriko 33 artista
Antolatzaileek aurreratu dutenez, XVI: Goierriko Artisten Topaketan 33 artistek hartuko dute parte:
Eli Agirre
Jokin Telleria
Jose Luis Elexpe
Itziar Rodriguez
Aitor Merchan
Leire Markinez
Angel Frias
Maider Urretabizkaia
Iker Valle
Alazne Mujika
Patxi Morales
Javier Soto
Jesus Lopez Zulueta
Uxua Gabarain
Jose Mari Telleria
Mari Paz Arrugaeta
Alberto Torres
Victor San Joan
Mila Garmendia
Santi Pelaez
Pello Goello
Javier Ibañez,
Ramon Paredes
Consuelo Ortega
Nuria Goena
Maria Pilar Mujika
Fernando Laborde
Maria Luisa Gorrotxategi
Sergio De la Fuente
Javier Quiros
Juan Aiesta
Iker Dorronsoro
Nekane Munduate