Domingo Agirre herri eskolako langile guztiek gailua erabiltzeko prestakuntza jasoko dute. Gailuak Dechoker izena dauka eta jangelan egongo da. Gurasoen ekimenez eskuratu dute
Domingo Agirre eskola publikoan Dechoker gailua erosi dute. Gailuak janaria kontrako eztarrira joan, eta itotzeko dauden arriskuak ekiditeko balio du. Noel Real Zumarragako Ospitaleko larrialdi zerbitzuan lan egiten duen medikua da, Alacanten kongresu batean parte hartu zuen eta han ezagutu zuen gailua. Legazpira bueltan, eskolako guraso elkarteko kideei gailuaren berri eman zien eta erostea erabaki zuten aho batez.
Dechoker gailua eskarmenturik gabeko edonork erraz erabiltzeko modukoa dela azpimarratu du Realek: «Janariarekin itotzea egoera larria da eta azkar baino azkarrago egin behar da zerbait. Hemlich maniobra askoz zailagoa da ikasteko eta erabiltzeko Dechoker-a baino».
Gailuaren erabilera erraza den arren, ikastaro labur bat egin nahi dute urtarrilean. Jangelako langile guztiek dagoeneko jaso dute prestakuntza. Zumarragako Ospitaleak panpina batzuk utzi zizkieten ikastarorako eta Dechoker-a erabiliz eztarrian trabatutako plastilinak eta olibak atera zizkieten. Gailua sukalde ondoko gela batean dago jada.
Santo Tomas azoka ospatuko dute etzi herri eskolakoek
Urtero bezala Domingo Agirre eskolak, Olazabal institutoarekin batera, Santo Tomas azoka Legazpira eramango du. Plazako Azokan egingo dute etzi 11:00etan hasita.
Eskolako ikasle bakoitzak talo bat doan izango du eta txartelak etzi bertan banatuko dituzte azokan.
Hainbat txoko jarriko dituzte. Talo txokoa, xaboi naturalen txokoa zeinetan eskolan egindako xaboiak salduko dituzten, gaztagintza txokoa, gaztain erreen txokoa, baserriko tresnak zein barazkiak ikusgai jarriko dituzte, saskigintzaren txokoa, abarkagintzarena eta asto txu-txu bat ere umeak atzera eta aurrera ibili daitezen. Txerri zozketa 13:45ean egingo dute eta irabazlea bertan izan beharko da, bestela zozketa errepikatuko dute.