Hach Embarekek eta Orbegozok "elkartasun deialdia" egin dute 25.000 euroko isuna ordaintzeko
Elkartasun deialdia egin dute eta kontu korrontea zabaldu dute isuna ordaintzen laguntzeko
Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrari eta Esteban Orbegozo azpeitiarrari 25.000 euroko isuna jarri die Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. 2014ko irailean Loiolan egindako herri harresian parte hartu zuten biek, beste dozenaka gazterekin batera, eta Ertzaintzak atxilotu egin zituen biak. Larunbatean agerraldia egin zuten Azpeitian, epaia salatu eta “elkartasun deialdia” egiteko. Eleak eta Libre mugimenduek deituta, ehun lagun inguru elkartu ziren Loiolako basilikako eskaileretan, herri harresia egin zuten toki berean.
Epaiketa eta epaia irmoki salatu dituzte bi gazteek, eta baita Eleak-Libre mugimenduak ere. Bi akusatuen abokatuak, “epaiketan izandako irregulartasunak” salatu ditu. Izan ere. Eleak mugimenduaren ustez, berriz, “Eusko Jaurlaritzaren mendekua” izan da gazte hauen kontrako auzibidea. “Desobedientzia ariketa hauen antolaketa oztopatzeko eta bertako partaideak beldurtzeko sententzia gogor bat behar zuen Jaurlaritzak eta hori lortu arte ez dute beren abokatuak amore eman. Desobedientzia ez-biolentoaren aurkako benetako mendekua izan da”.
Beñat Hach Embarek ormaiztegiarrak, Loiolako herri harresian Orbegozo eta biak atxilotu zituzteneko unea ekarri du gogora: “Esteban eta biok Loiolako Askegunera hurbildu ginen gazte auziperatuei babesa ematera, eta beste herri harresietan gertatu bezala, Ertzaintza biolentzia handiz oldartu zen erresistentzia baketsua egiten ari ginenon aurka. Bortizki atera gintuzten Esteban eta biok harresitik. Beranduago jakin genuen ertzaina batek belaunean lesioa izan zuela jendea ateratzen ari zela, eta gure gain jarri nahi zutela ardura hura”. Hasieran, atentatu kargua leportau zieten Orbegozori eta Hach Embareki, baina ormaiztegiarrak kontatu du, agenteek grabatutako bideoak ikusi eta gero, ertzaintzak atentatu kargua kentzea erabaki zuela, halako zantzurik ez zegoela ikusita. “Baina, gero, egoera hura baliatu nahi izan zuten etekina ateratzeko, eta ertzainak deklarazioa aldatu zuen, zuzenean eraso egin geniola eta belauneko lesioa eraso haren ondorio zuzena zela esanaz”.
Urtarrilaren 26an hasi eta otsailaren 3an bukatu zen epaiketa. Handik hilabete batzutara iritsi zen sententzia, eta 1.200 euroko isuna ezarri zioten bakoitzari. Eusko Jaurlaritzaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen ordea, eta gerora etorri da erantzukizun zibila beraien gain jartzeko epaitegiaren erabakia.
Gazteei laguntzeko diru bilketa
Bi gazteei ezarritako isuna ordaintzen laguntzeko, diru bilketa egiten hasi dira. “Zuen laguntza eskatzen dugu, badakigulako zama astunak errazago eramaten direla denon artean”. Kontu korronte bat zabaldu dute horretarako, Laboral Kutxan: ES65 3035 00068400 60022507.