Goierriko Monako txikia
Motorraren Asteburuaren barruan, 200 pertsonek parte hartu dute segurtasun ikastaroetan. Javi Villarrek irabazi du Erauskingo hirugarren igoeraGasolinaren usainak erakarrita, motorraren zaletuek hitzordua izan dute larunbat eta igandean Beasainen, herr...
Motorraren Asteburuaren barruan, 200 pertsonek parte hartu dute segurtasun ikastaroetan. Javi Villarrek irabazi du Erauskingo hirugarren igoera
Gasolinaren usainak erakarrita, motorraren zaletuek hitzordua izan dute larunbat eta igandean Beasainen, herriko gazte talde batek antolatuta. Igandean jokatutako Erauskingo hirugarren igoerak itxi zuen Motorraren Asteburua. Javier Villar izan zen pilotuen artean azkarrena.Hilabeteetan lanean gogor aritu ondoren, eta ikusita lehen aldia dela, «oso pozik» daude antolatzaileak asteburuak emandakoarekin, «hasieratik jarritako helburuak lortu baitira». Errepidean segurtasunez gidatzeari eman nahi izan diote garrantzia, «eta jendeak erantzun du», Igor Lizarraldek adierazi duenez. Jasotako datuei begiratzea baino ez dago; segurtasunez gidatzeko ikastaroan 200 pertsonak parte hartu zuten.
Bizitza errealean errepidean suerta daitezkeen hainbat egoera simulatu zituzten ikastaroan, eta gidariek egoera horren aurrean nola jokatu ikasi ahal izan zuten. Horrez gain, iraultze simulatzailea, alkoholaren erangipean gidatzeko simulatzailea, haurrentzako ekintzak eta skalextris erraldoia ere izan dituzte.
Villar txapeldun
Erauskingo hirugarren igoeran, Javier Villarrek jantzi zuen txapela. 2,5 kilometroko ibilbidea prestatu zuten, eta lehen kilometro erdia herri barruan zen. Horrek, ikusgarritasun handia eman zion probari. Auto lasterketen denboraldia bukatu bada ere, 35 partaide izan ziren, tartean, Txus Jaio eta Joseba Iraola euskal herritarrak.
Azkenik, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete kolaboratzen jardun duten 80 pertsonei, udalari eta baita ekintzetan parte hartu eta ikustera gerturatu ziren herritar guztiei ere.












