‘Legazpunk & roll’ erritmora Arraiorekin
Legazpin musika mugimendua oparoa izan da beti. Asko dira azken urteetan bertan sortu diren taldeak, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen dutenak. ...
Legazpin musika mugimendua oparoa izan da beti. Asko dira azken urteetan bertan sortu diren taldeak, eta gaur egun ere indarrean jarraitzen dutenak. Subeltza kolektiboa da horren adibide nagusienetako bat. Herriko musika taldeak biltzen dituen taldea da. Entseatzeko musika lokalak dituzte Legazpiko taldeek Bikuña-Txikin, baita grabazio estudio bat ere. Hain zuzen, oraintxe ari dira euren lehen diskoa izango dena grabatzen bertan Arraio taldeko musikari gazteak.
Arraio 2014. urtean sortu zen Martin Toquero taldeko kideak esan duenez. Toquerorekin batera (ahotsa eta gitarra), Jokin Madinak (bateria), Guillermo Lasak (gitarra) eta Unai Untzillak (baxua) osatzen dute taldea. Kuadrillakoak dira guztiak eta 19 urte dituzte.
Legazpiko Doinua musika eskolan ikasketak egindakoak dira denak eta talde gisa bertan elkartu ziren lehenengoz. «Musika eskolan konboak egiten dituzte, musika tresna ezberdinak jotzen dituzten ikasleek osatutako taldeak dira», azaldu du Toquerok. Bertan izan zuten talde gisa lehenengo esperientzia. Gustatu egin zitzaien, eta aurrera jarraitzea erabaki zuten.
Punka eta rocka lantzen dituzte Arraion. «Legazpunk & roll izena jarri diogu gure estiloari, gurea Legazpin egiten den punk-a eta rock-a dela adierazteko», dio Toquerok.
Hamar abestiko diskoa
Euren lehendabiziko diskoa izango dena grabatzen hasita daude Subeltza kolektiboak Legazpin duen estudioan. «Irailean egin ziguten proposamena eta ez genuen bi aldiz pentsatu», diote. Ordurako bazituzten ekoizpen propioko hiru-bat abesti, baina diskoa osatzeko beste zazpi abesti ere egin dituzte denbora tarte honetan.
Hamar abestiz osatutako diskoa izango da, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez abesten dute. Batez ere, «gizarteari buruz hitz egin dugu gure abestietan, Katalunia, Palestina, Trump… bezalako gaietan oinarrituta», diote. Baina kritikarako bitarteko ere badira abestiak. Adibidez, En Legazpia hay poco rock&roll izenekoan Legazpiko egungo musika mugimenduari buruzko hausnarketa egiten dute. «Mugimendu asko dago herrian, baina gazteen artean geldialdia nabaritu dugu azken urteetan. Gu gara gaur-gaurkoz talderik gazteena».
Ikasketak tarteko, nahi baino kontzertu gutxiago ematen dituzten arren, moldatzen dira emanaldiak egiteko. Behin diskoa grabatutakoan tour bat egiteko asmoa dute euren lana
ezagutzera emateko. Legazpunk & roll estiloa lau haizetara zabaltzera doaz.