Liburuak, diskoak eta askoz gehiago
Ataun, Beasain, Lazkao, Segura eta Ordizia euskarazko produkzioaren erakusleiho bihurtu dira asteburuan. Aurkezpenak, sari banaketak eta omenaldiak izan dira
Durangoko azokaren hurrengo asteburuak lekua egin die aurten ere euskaraz ekoitzitako liburu eta diskoei Goierriko bost herritan. Ostiralean hasi eta igandera arte, Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Seguran eta Ordizian ekitaldiz betetako euskal liburu eta disko azokak egin dituzte, elkarlanean antolatuta.
Euskal kulturari eta produktuei bultzada ematea da azoken helburua, eta asmo horren lorpenerako %15eko deskontua egin da aurten ere salgai guztietan, tokian tokiko udalak lagunduta. Beherapen horrek bultzatuta edo, erosle ugari hurbildu da aurten ere, eta azoka horietan 29 urterekin beteranoena den Lazkaokoan, esaterako, «Durangon asko saltzen dena saltzen da hemen ere», Gerriko kultur elkarteko kideek eta antolatzai-leek adierazi dutenez.
Lazkaoko datuak beste azoketara ere estrapolatu daitezke, eta saldutako diskoen artean, Delorean, Anestesia, Zea Mays, Gatibu, Berri Txarrak, Skakeitan, Goazen edo Pirritx, Porrotx eta Marimotots taldeenak nabarmen- du dira. Liburuetan, aldiz, Uxue Alberdiren Jenis Joplin, Jasone Osororen Eskularru beltzak, Juan Kruz Igerabideren Abezadario Titirijario, Anjel Lertxundiren Horma, eta Aiestaran, Irazabal eta Zurutuzaren Ekialde hurbila, muinak eta ertzak.
Gerrikotik gogoratu dutenez, «ahalegin handia eta ahalegin berezia» egiten dute urtero azokak antolatzen, baina «gure ahalegina ez da abenduko asteburu batera mugatzen» eta urte osora zabaltzen da euskal liburuen eta diskoen alde egiten duten lana.
Omenaldiak eta beste
Azokak, ordea, ez dira disko eta liburuen salmentara mugatu eta egitarau oparoz lagunduta egin dira. Batzuetan idazleak izan dira, beste batzuetan musikariak… Literatur solasaldiak, liburu aurkezpenak, kontzertuak eta ipuin kontaketak ere izan dira, besteak beste.
Ordizian omenaldirako tartea ere izan dute; Mari Karmen Odriozola irrati esatari ohia omendu dute, euskararen alde egindako lana eskertuz.
Segurakoan, aldiz, egutegirako argazki lehiaketako sari banaketa egin dute. Azpilla dantza taldea, Esther Ugalde, Joseba Telleria, Gaztelekua, Izar Telleria, Ion Irizar, Elur Telleria eta Haur Eskola izan dira sarituak.












