Gaur aurkeztuko du Aztiriak (Legazpi, 1994) Kultur Etxean 'Legazpiko Musika Banda 150 urteko ibilbidea' dokumentala, 19:00etan. Haztegiri buruzko beste bat, datorren astean.Legazpiko Musika Bandako kidea zara, tronpeta jotzailea. Nolatan dokumentala eg...
Gaur aurkeztuko du Aztiriak (Legazpi, 1994) Kultur Etxean ‘Legazpiko Musika Banda 150 urteko ibilbidea’ dokumentala, 19:00etan. Haztegiri buruzko beste bat, datorren astean.
Legazpiko Musika Bandako kidea zara, tronpeta jotzailea. Nolatan dokumentala egitearena?
Ikus-entzunezko ikasketak ditut eta orain urtebete inguru Bandako zuzendaritzak zein batzordeak 150. urteurrenari dela-eta dokumentala egiteko proposamena egin zidaten. Baiezkoa eman nuen eta entseguen ondoren ideiak botatzen hasi ginen. Nire kabuz ekin nion gidoia idazteari, izan ere, bandaren historia kontatzeko loturak egin behar ziren eta guztia idatzita nuenean elkarrizketen gidoiei heldu nien.
Aurretik elkarrizketak nori egingo genizkien zehaztu genuen Jesus Castillejo bandako zuzendariaren laguntzarekin. Elkarrizketak egiten eta grabatzen hasi ginen, baita argazkiak jasotzen ere.
Elkarrizketa asko egin al dituzue?
Bai, mordoxka bat. Bandako kide ohiei, Legazpiko alkate ohi zein kazetariei, aktiboan baina beteranoak diren banda-kideei, kide gazteei, Doinuako arduradunei… Ahots asko jaso ditugu dokumentalean.
Zer izan da zailena?
Argazki bilketak eman digu lan gehien. Udaletxean bazituzten batzuk eta eskertzekoa da utzi izana, baina agiritegi grafikorik ez dute eta ez zegoen argazki asko. Deialdi bat egin genuen argazkiak zituztenek uzteko eskatuz, eta Jose Mari Gorrotxategi 36ko gerraren ondoren bandako zuzendaria izan zenaren bilobak argazki ugari utzi zizkigun, Julian Auzmendik ere bai.
Gustura geratu zara emaitzarekin?
Bai, pozik nago, lan handia izan da baina egin izanagatik harro sentitzen naiz, Musika Bandaren 150. urtemuga da eta egin dugun lan hau betiko geratuko da.
Haztegi Ikastolarako ere dokumental bat egin duzu.
Bai, ikastolak 50. urteurrena ospatuko du datorren urtean, eta ikus-entzunezko gradu bukaerako lana ikastolari buruzko dokumentala egitea izan zen; saritu egin zuten gainera. Datorren astean aurkeztuko dute guk egindako dokumentala, ikastolaren historiari buruzkoa.
Bistan da dokumentalak egitea gustatzen zaizula.
Bai. Urtarrilean Mexikora noa lanera, marketing-aren esparruan arituko naiz eta enpresak bideoak ere egingo ditudala aurreratu dit. Han nire kontura zer edo zer ere egiteko asmoa daukat.