Bidean bat eginda
Hitzak eta UZ Ikastolak hitzarmena sinatu dute Kilometroak 2018ren harira; Goierriko Hedabideen agerkariek urtean zehar antolatutako ekitaldien era egunaren jarraipen berezia egingo dute
Hitzarmenean jasotakoaren arabera, 2018ko Kilometroei lotutako ekitaldietan lehentasuna emango diote elkarri bi aldeek. 2018ko bideoklipa, spota eta bestelako eduki bereziak, esaterako, Goierriko Hitzaren eta Kilometroak 2018 jaiaren webguneetan jarriko dira beste edozein hedabidetan baino lehen. Datorren urteko udaberrian gehigarri berezi bat lankidetzan egin eta argitaratzeko konpromisoa ere hartu dute aldeek.
Internet eta sare sozialak
Interneten eta sare sozialetan elkar eragiteko ahalegina ere egingo dute. Hartara, Urretxu eta Zumarragako berriak argitaratzen dituen www.otamotz.eus webgunean Kilometroak 2018ren banner bat jarriko da, eta Kilometroen webgune ofizialean Otamotz-ena. Horrez gain, goierri.hitza.eus webguneak Kilometroak 2018 jaiaren inguruko zenbait ekitaldi publiko jasoko ditu, bideo eta argazkien galeria bidez argitaratzeko: aurkezpen ekitaldia, zirkuituaren aurkezpen ekitaldia, abestia aurkezteko ekitaldia…
Kilometroen karteletan eta argitaratuko diren eskuorrietan Goierriko Hedabideen logotipoa jartzea ere hitzartu dute, eta baita zirkuituko gune batean Goierriko Hedabideek beren txokoa edukitzea ere.
Gabonetako kontzertua
Kilometroak 2018ko hurrengo ekitaldia gaur bertan izango da. Pagoetako elizan Gabonetako kontzertua egingo dute, 17:00etan. Ikastolako ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin batera, herriko zenbait musikarik eta abeslarik parte hartuko dute. Emanaldiak musika eta dantza izango ditu ardatz. Bukaeran, parte hartzaileek eta bertaratzen diren guztiek mokadutxo bat hartzeko aukera edukiko dute.














