Txapelketaren 20. ekitaldian 40 ekoizle inguruk parte hartuko dute .Horietatik hamar nafarrak izango dira gutxienez .Produktua bera balorean jartzea da helburua
Asteroko azokarekin batera, Euskal Herriko 20. Txistor Lehiaketa egingo da gaur Ordiziako Plaza Nagusian, 10:30ean hasita, Gipuzkoako harakin eta urdaitegizaleen gremioak antolatuta. Berrogei parte hartzaile inguru espero dituzte.
Usadio zaharraren arabera egiten den produktuetako bat da txistorra. Garantiaz eta kalitateaz hitz egiteaz aparte, ekoizle bakoitzak jartzen dion mimoa ere nabarmendu behar da. Produktu hori balorean jarri nahi dute horrelako lehiaketekin, eta aldi berean kontsumitzaileen arreta ere erakarri nahi dute.
Ona egiteko sekretua
Txistorra egiteko txerri haragia eta urdaia behar dira. Horrez gain, gatza, baratxuria eta piperrautsa ere botatzen dizkiote, etxe bakoitzaren arabera. Hori guztia, ardi edo arkume hestean sartu eta egurasten uzten da egun batzutan.
Adituen irizpideen arabera, txistor baten kalitatea epaitu ahal izateko honako ezaugarriei erreparatu behar zaie; neurria eta homogeneoa izatea, gustua, txikitua, giharra eta koipea erdibana izatea eta ontze puntua, besteak beste.
Irabazlea aukeratzeko prozesuan, lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratuko diote epaimahaikoek: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea eta lodiera, beste ezaugarri batzuen artean. Jarraian, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatuko diote. Horrez gain, haragiaren txikitzea ere kontutan hartuko dute, eta azkenik, zartaginean frijitu ondoren duen zaporea, usaina eta ahogozoa ere puntuagarria izango dira.
Txerri hilketarekin lotzen da txistorra eta oso erro sendoak ditu Euskal Herrian, eta Gipuzkoan batez ere, Santo Tomas eguna txistorraren eta txerriaren inguruan ospatzen baita. Garai batean, txerri hilketan gizonezkoen lana zen txerria hiltzea eta emakumezkoena, berriz, gainerakoa; odolkiak eta lukainkak egitea kasu.
Epaimahaia
Urtero legez, txistorra onenaren aukeraketan, epaimahaia, adituek osatuko dute. Bertan izango dira Aramako Ostatuko Ane Otegi, Zaldibiako Lazkaoetxe jatetxeko Eneko Azurmendi, Beasaingo Kattalin erretegiko Juan Manuel Garmendia, Olaberriko Gorrotxategi erretegiko Matias Gorrotxategi, Ordiziako Zubibi jatetxetik Imanol Gaztañaga eta gastronomiaren munduarekin lotura duten beste hainbat eta hainbat aditu.