Haztegi baino lehenago Kimu Berri ikastola izena izan zuen Legazpiko euskarazko lehen ikastetxeak. Sortu zutela 50 urte betetzen dira ikasturte honetan. Ospakizun indartsuenak datorren urtean egingo dituzte.

Legazpin ikastolaren ateak zabaldu zituzten 1967. urteko ikasturtean. Haur gutxi batzuk hasi ziren guraso talde baten hauspoari esker, eta ezinbesteko bidelagun izan zituzten irakasle batzuekin batera ekin zion bideari Kimu Berri ikastolak. 50 bete dira ordutik, bidean Haztegi izen berria hartu zuen ikastolak. Dagoeneko urtemuga ospatzen hasiak dira. Aurten antolatu dute Benito Lertxundiren kontzertua eta datorren astean ikastolaren iraganaren eta orainaren gaineko dokumental bana aurkeztuko dituzte. Ospakizun handienak datorren urtean egingo dituzte eta antolaketa lan taldeak martxan dira jada.
Antolaketa lan talde horietako batek hartu du datorren asteko dokumentalen aurkezpenaren lema. Edurne Gonzalezek adierazi duenez, «1967ko Suaren bila da urteurrena ospatzeko antolatu dugun ekintzetako bat». Izen hori jarri diote abenduaren 26an eta 27an egingo dituzten bideo emanaldiei. Latxartegin izango dira, 18:30ean biak. Tokiak mugatuak direnez, egunean bertan sarrerak salduko dira euro baten truke.

Bi dokumental emango dituzte. Lehenengoa Xabier Aztiriak zein Jon Garatek egindakoa da eta Kimu Berri ikastolaren sorrerari buruzkoa da. Ikastolako sortzaileekin, orduko gurasoekin eta irakasleekin egon ziren dokumentala grabatzeko, baita hainbat legazpiarrekin zein ikasle ohirekin ere. Aztiriak eta Garatek Ikus-entzunezko Gradu amaierako saria irabazi zuten dokumentalarekin.
Bigarren dokumentalean, berriz, orainari helduko diote. Eneritz Aulestia, Axel Eizmendi eta Telmo Trenadok egindakoa da eta orainaz gain etorkizuna ere zertzelatuko dute bideoan.
Gonzalezek aurreratu duenez, «dokumentalen aurkezpenak eskarmentu handiko bi ikasle ohik gidatuko dituzte eta ikusleengana gerturatzen saiatuko dira». Ez du, baina, gidarien izenak zeintzuk diren argitu nahi izan, «sorpresa da». Ekitaldietan dokumentalen egileak ere izango dira.
Ikastolakoek 2018ko egutegian hainbat mugarri ipini dituzte jada. Urtarrilean mendi irteera. Otsailean flashmoba eta kontzertua. Martxoan argazki erakusketa, lilatoia eta mendi irteera. Apirilean rock kontzertua eta mahai ingurua. Maiatzean danborrada konpainia, mendi irteera eta ikasle ohien nahiz irakasleen bazkaria. Ekainean ikasturte amaierako festa.