Edurne Gonzalezek, Asier Diezek eta Iker Azpeitiak zuzendaritza utziko dute. Datorren urteko Futbol7 txapelketa lantalde berriak zuzenduko du. Futbol taldeetako kideak dira denak.
Ilusioa ahitu egiten da eta berritu aldi berean. Azken hamar urteetan Edurne Gonzalez, Asier Diez eta Iker Azpeitia Legazpiko Gazteak taldeak antolatutako Futbol 7 txapelketako zuzendaritzan aritu dira. Orain, nork bere bizitzako beste arlo batzuei lehentasuna emateko garaia dela sentitu dute eta zuzendaritza berria osatu dute txapelketan parte hartu ohi duten futbol taldeetako hainbat lagunek.
Zuzendaritza talde berrian egongo direnak honakoak dira: Nerea Martin, Mikele Gurrutxaga, Igor Uria, Mikel Goitia, Eñaut Auzmendi, Jon Bonilla eta Arkaitz Martinez de Alegria. Talde «heterogeneoa» osatzen saiatu direla azpimarratu du Gonzalezek. Txapelketan lehiatzen diren bost futbol taldetako kideak dira. Aurtengoan 32 taldek parte hartu dute.
Futbol 7 txapelketak Legazpin duen indarra handia du, eta Iker Azpeitiak dioenez, «halako ekintza bat zuzentzeko dena eman behar da. Guk azken urteotan ez dugu hainbeste ilusio sentitu eta kostata ari zarela konturatzen zarenean uzteko ordua iritsi dela dakizu».
Zuzendaritzaren transmisioa egiterakoan Gonzalezek dioenez, «argi izan genuen txapelketan dabilen jendea izan behar zela, ez zaharrenak, ezta gazteenak ere». «Urte hauetan guztietan fundamentu asko izan duen jendea aukeratu dugu», gehitu du Azpeitiak.
Transmisioa mahai bueltan
Mahai baten bueltan bildu zituzten zuzendaritzarako gonbitea egiteko. Igor Uria Shalketemeto taldeko kideak azaldu duenez, «bilera batera deitu gintuzten eta prestatuta joan ginen akaso zuzendaritza hartzea proposatuko zigutelako». Hala izan zen. Eñaut Auzmendi Interdemitente taldeko jokalariak, ordea, ez zuen halakorik espero eta Mikel Goitia Aztiri Bulls taldeko kideak susmoren bat zuela dio.
Guztiak txapelketak Legazpin duen indarraren jakitun dira. «Jende pila bat mugitzen da txapelketaren inguruan», dio Auzmendik. Goitiak «herrian urduritasunak eta sekulako giroa» sortzen duela gehitu du. Txapelketako lehen partidak maiatzean dira eta finala uztailean; tarte horretan Legazpin txapelketa «monotema» dela dio Uriak.
Aldaketa txikiren bat badute buruan, baina oraindik zehaztu gabe dagoenez ez dute zabaldu nahi. Edonola ere, oro har, orain artekoari segida emateko asmoa agertu dute. «Funtzionatzen duena aldatzeak ez dauka zentzurik», azaldu du Auzmendik.
Asier Diezek zuzendaritzako kide berriei ohartarazi die, «egiten dituzuen aldaketak eta hartzen dituzuen erabakiak ez dira inoiz guztien gustukoak izango». Izan ere, Futbol 7 txapelketan 250 bat lagunek parte hartzen dute. Azpeitiak behar duten guztirako ondoan izango dituztela ere esan die.
Lehen urratsak
Lehenengo eta behin elkar ezagutzeko tartea hartuko dutela diote zuzendaritza berriko ki-deek. Elkar ezagutzen dute bistaz eta baten batzuk harreman estuagoa dute. Behin lehen hurbilketa pertsonala eginda, txapelketa babesten dutenengana joko dute eta laguntzak bermatu. Martxoan kartela aterako da eta ohiko egutegiari helduko diote.
Azpeitiak dioenez, «lehenengoz antolatu genuenean ez genuen horrenbeste arrakasta izango zuenik espero. Orain bertan behera geratuko balitz sekulako hutsunea geratuko litzateke Legazpin». Herrigintzan alea jarri dute eta Legazpiko gizartea saretu dutela ere esan liteke. Egun, kuadrillen izenekin nahastu dira futbol taldeetako izenak eta jendea bere taldearen izenarekin identifikatzen dute.
Orain artean Futbol 7 txapelketa euren bizitzaren parte izan dela dio Asier Diezek: «Behin urteurrena ospatuta, gure etapa amaitutzat eman dugu». Pena sentitzen dutela diote hirurek, baina pozik ere badaude lekukoa esku onetan uzteagatik. Lekukoak ilusioa ere hartzen du, hain zuzen, esku berri horietan kabitzen den ilusio guztia.