Uztaileko bileran esandakoaren aurka, Beasaingo Antzizar kiroldegiko rokodromo berria proposamenak aztertu gabe egiten ari direla adierazi dute Goierriko eskalatzaileek.
Goierriko eskalatzaileek prentsa oharra bidali dute, uztailean bestelakoa esan bazieten ere, Beasaingo Antzizar kiroldegian egiten ari diren rokodromo berriaren proiektua beraiekin partekatu ez dutela jakinarazteko. Eskalatzaileen esanetan, Lazkaoko, Ordiziako eta Beasaingo kiroldegien artean rokodromo proiektu berri bat burutzeko helburuarekin, uztailaren 19an eskalatzaile batzuk hiru herri horietako teknikariekin bildu ziren. «Bilera hau, teknikarien eskaera izanik, Goierrin eskaladan entrenatzeko gaituta dauden guneen egoeraren inguruko ikuspuntua konpartitzeko izan zen, besteak beste». Horrekin batera, «egungo rokodromo batek beharko lukeen ekipamendu eta planteamenduaren inguruan hitz egin zen», diote.
Eskalatzaileek nabarmendu dutenez, uztaileko «bileraren aurrekari nagusi bezala, azpimarratzekoa da, Beasaingo Udalak rokodromo proiektu berri baterako onartuta duen diru partida (50.000 euro) gastatzeko konpromisoa duela urte amaiera baino lehen. Proiektu hau burutzeko pentsatuta duten lekua, egun Antzizar kiroldegian rokodromoa dagoen tokia litzateke».
Honela, bilera hartan eskalatzaileek Goierriko gaur egungo egoeraren diagnosia eta rokodromo proiektu berri baterako ekarpenak egin zituztela jakinarazi dute. Eskalatzaileen esanetan, «egun, Goierrin, eskaladan entrenatzeko tokiak eskasak dira eta oso sakabanatuta eta inongo antolakuntzarik gabe daude». Ondorioz, «rokodromo batean trebatu nahi diren goierritarrak, Donostia, Iruñea edota Bilboko rokodromoetara jotzen dute. Inguruan ez dago inongo aukerarik».
Eskalada, gainera «oraingo eta etorkizuneko kirola» dela nabarmendu dute. «Hurrengo Olinpiar jokoetako kirola izango da, jende asko ari da mugitzen azken urteotan eta gehiago mugituko du etorkizun hurbil batean. Beharrezkoa da horretarako instalakuntza egokiak edukitzea».
Altuera gutxikoak
Instalakuntzei dagokionean, «eskaladako entrenamendu kontzeptua boulderra da gaur egun. Altuera gutxiko bloke edo problemak eskalatzen entrenatzen da; bide luze batean sokarekin entrenamenduak indarra galdu du. Horrez gain, toki asko eta inbertsio handia behar da, aldi berean jende asko trebatzeko». Eskalatzaile goierritarren ustez, «rokodromoan, mantentze eta erabiltzaile mailako aholkularitza ematen duen figura bat beharrezkoa da; hau da, rokodromoak bizirik egon behar du, presak mugitu, garbitu eta gazteak edota helduak trebatzen lagunduko dituen figura bat».
Horren guztiaren harira, Antzizar kiroldegian «gaituta dagoen espazioa txikiegia da bailarako eskalatzaileak biltzeko, gazteetatik hasita helduetaraino».
«Mina eta inpotentzia»
Eskalatzaile goierritarren arabera, uztaileko lehenengo bilera haren ondotik, «irailean berriz ere hitz egitekotan gelditu» ziren, «ordurako, hiru rokodromo proposamen erakutsiko zizkigutela esanda. Abendua iritsi da. Rokodromoa martxan da, proposamenik ez da egon eta egindako bilerak alferrikakoak izan dira».
Egoera berri horrek, «Goierriko eskalatzaileoi mina eta inpotentzia sortarazten digu, ikusten dugulako berriro ere goierritar guztientzat izan behar zen rokodromo aukera berri bat guztiz xahutu dela; eta hori gutxi ez balitz, Goierriko eskalatzaileok denentzat eta denon dirutik ordaindutako rokodromo proiektu batean parte hartzeko borondateari jaramonik ere ez diote egin agintariek». Guzti horren aurrean, «agintariekin bilera bat eskatu eta irtenbide bat aurkitu nahi dugu Goierriko eskaladarentzat».