Ia 5.000 kartel jarri ditu Goierriko etxe atarietan ‘Erabili ezazu garbigunea. Oso gertu daukazu’ leloarekin .Goierrin hiru Garbigune daude: Ordizian, Urretxun eta Beasainen
Sasieta Mankomunitateak Erabili ezazu garbigunea. Oso gertu daukazu kanpaina berria jarri du martxan, Garbiguneen erabilera bultzatzeko eta kaleak garbiago izateko. Ia 5.000 kartel jarri ditu Goierriko etxe atarietan herritarrak sentsibilizatzeko.
Mankomunitateko kideen esanetan, «egia da garbiguneetara geroz eta herritar gehiago joaten direla. Erabiltzaile kopuruak gora egiten du urtez urte». Baina kanpainaren helburua ondorengoa da: «Tamaina handiko traste zaharrak (koltxoiak, altzariak, etxetresna elektrikoak…) zabor puntuetan bilketako egutegiz kanpo ez uztea eta horrelakoetan garbigunera eramatea».
Horrekin batera, baita ere «bilketa berezirik ez duten zenbait hondakin ere garbigunera eramatea, hala nola, obratako hondakinak, gurpilak, egurrezko kaxak eta paletak, etxeko hondakin arriskutsuak (pintura edo berniz poteak, kotxeko olioa, bateriak…)».
Hiru Garbigune ditu guztira Sasieta Mankomunitateak Goierrin: Urretxun, Beasainen eta Ordizian. «Instalazio hauek herritarrek erabili ohi dituzten bilketa-zerbitzuen osagarri aproposa dira», gaineratu dute. Ordutegia ere zabala dute. Astelehenetik ostiralera, egun osoan, 09:00etatik 12:00etara eta 15:30etik 18:30era, eta larunbatetan: 09:00etatik 13:00etara.