Gabon aurreko ferian izeirik ez da izan salgai, eta sukalde kontuetan ere alde handia nabaritu da azkenaldian, jendeak freskoetara baino, prestatutako jakietara jotzen duelako errazago.
Bi gai nagusi atzoko ferian hitzetik hortzera: igandeko bertso finala eta Eguberrien etorrera. Urte gutxitan Gabonetan hainbat usadio desagertze bi-dean direla esan daiteke, eta otordu eta jaki ohiturak aldatzen. Iritsi orduko hauxe entzun genuen: «Jai egun batzuk izan orduko jendeak kanpora joatea du buruan, guk salmentatan ez dugu hobekuntzarik sentitzen». Jose Luis Amatriain fruta saltzaileak zioenez, «kardua, esate baterako, lehen asko saltzen zen, orain gutxi batzuk enkargatuak ditut, baina konparaziorik ez». Ohiko feria lagunen taldetxo batera iritsi orduko, ez duela jen-deak sukaldean denborarik pasa nahi eta «sekula baino dotoreagoak jartzen dira sukaldeak inoiz baino gutxiago erabiltzeko». Prestatutako jakietara jotzen da erraz nonbait, eta azokako barazki freskoek jai.
Arkumeari dagokionez ere, momentu ezin egokiagoa da San Jose inguru hori bitarte, baina ez da garai batean bezain preziatua. Prezioa igo da, kiloa 4,85 euroan, bizirik.
Gazta urdina eta izei falta
Gazta onekin hasi edota bukatzea ere aukera egokia litzateke. Astero izan ohi den aukera zabalari berriz ere behi gazta urdina gehitu behar zaio. Joseba Baezek ekarri zuen, lehenengoak eskutatik kendu zizkioten eta bere denbora behar izan badu ere, atzo salgai zituen berriz (kiloa 22 euro). Harrera ona izan zuten.
Gauza bertsua esan daiteke apaingarriei buruz. Inoiz ez bezala, atzo ez genuen izei bakar bat ere ikusi. Mikel Lasak ere ez zuen ekarri: «Ez da saltzen, zertara iritsi garen! Hainbeste kontra egin zaio ekologisten taldeetatik eta honetara iritsi gara. Honen ordez zer? Plastikoa alde guztietan! Hobea al da?». Hausnarketa bide hau zabaldu zuen Lasak.
Frutetan gabon marka dutenen artean errezil sagarrak aipatu behar. Joxe Luis Aizpuru errezildarrak oparitzeko ere saltzen direla esan zigun. Egia esan, aukera polita dago: kiloa 2,5 eurotik 5 eurora. Ederrak eta ikusgarriak daude. Beste zenbat sagar motak, mizpirak eta kiwiak osatzen dute hemengo fruten aukera. Kanpotik ekarritakoen artean, anana (kiloa 2-4,5 euroan) omen da hobekien saltzen dena.
Azokak askorako ematen du: txistor txapelketa zela eta, ikasle taldea txistor pintxoak trago eta guzti saltzen ikas bidaiarentzat dirua ateratzeko, eta Nagusilanekoak bolondresak biltzeko kanpainaren berri ematen. Eta datorren astean Eguberriko azoka berezia izango da. Feria honetara etortzeko aparteko arrazoia.