Arkumea Gabonen ikur
Gero eta arkume gutxiago kontsumitzen da Euskal Herriko etxeetan, baita Gabon garaian ere. Egoera irauli nahi dute.
Ohikoa da Euskal Herrian ...
Gero eta arkume gutxiago kontsumitzen da Euskal Herriko etxeetan, baita Gabon garaian ere. Egoera irauli nahi dute.
Ohikoa da Euskal Herrian ospakizunak mahai baten bueltan egitea. Are gehiago Gabon garaian. Jatorduek protagonismo berezia hartzen dute, eta horregatik kontsumitzaileak zorrotzagoak izaten dira garai honetan produktua aukeratzerako orduan. Supermerkatu ezagun batek Gabonetako kontsumoaren inguruan egindako azterketa baten arabera, «Kantabrian, Bizkaian eta Gipuzkoan esneko arkumea da Gabonetan gehien kontsumitzen den produktu freskoa. Nafarroan eta Araban, berriz, nabarmenagoa da legatzaren eta zapoaren kontsumoa».
Arkumea Gabonetako plater nagusietako bat izan da Euskal Herrian, nahiz eta adituek diotenez, bere kontsumoak behera egin duen azken urteetan. Hala, Euskal Herriko ardi latxa defendatu eta sustatzeko Larsabi elkarteak akordio bat sinatu berri du Uvesco taldearekin —BM supermerkatuak— latxa arkumeak bertako saltokietan komertzializatzeari begira. Sinatutako hitzarmenaren bitartez, produkzioaren %80 Euskal Herrian saltzea espero dute.
Larsabi elkartea aurtengo uztailean sortu zuten, arku-meak era antolatu batean bildu eta komertzializatzeko. Mariano Imaz Larsabi elkarteko lehendakariak esan duenez, Larsabi, Garsabitik birsortutako elkartea da. Garsabiren ekintza eremua Gipuzkoa zen. Larsabirekin «aldaketa estrukturalki» eman nahi izan dute, euren ekintza mapa Euskal Herri osora zabalduz.
Kalitatearen alde apustu
Gaur-gaurkoz 33 artzainek osatzen dute elkartea, baina etorkizunean gehiago izango direlakoan daude. Larsabik «kalitatezko produktu baten aldeko apustua» egin du, horregatik, bere bitartez komertzializatuko diren arkume guztiek «nahitaez amaren esnearekin soilik hazitakoak» izan behar dute. Era berean, ardiek kontsumituko duten janaria «hein handi batean lurralde honetakoa edo artzain bakoitzak bere etxean ekoitzitakoa izan beharko du». Eta noski, latxa arrazako ardiekin soilik egingo dute lan.
Orokorrean, eta baita Gabon garaian ere, arkumea jateko ohiturak behera egin du. Berriki egindako ikerketa baten arabera, Espainian «batez beste, arkume kilo bat eta 300 gramo jaten da pertsonako urtean». Jaitsiera honi dagokionean bi ikuspegi azpimarratu ditu Imazek. Batetik, gaur egungo familia estandarrak txikiagok direla aipatu du, eta horri lotuta beraiek ez dutela jakin eskaera berriari erantzuten. «Orain arte arkumea osorik edo arkume erdia saldu izan da, baina orain eskaria laurden batekoa edo txikiagoa ere bada», esan du. Kanpaina honetan era tradizionalean salduko dituzte arkumeak momentuz, baina komertzializazio bide berriak aztertzen hasita daude dagoeneko, eskaera berri horiei erantzun bat emateko asmoz.
Bestetik, kanpotik etorritako arkume uholdeari buruz ere hitz egin du. «Iaz, esaterako ikaragarria izan zen. Prezioak bota zituzten, bertako arkumea biltzeari ere utzi zitzaion eta hori artzainentzat arazo handia izan zen». Imazen iritziz bertako ekoizleek ez dute jakin kontsumitzaileari adierazten bertakoa eta kanpokoa ezberdindu egin behar direla.
Horretarako hemendik aurrera Larsabik salduko dituen arkume guztiak Latxa arkumea izeneko zigiluarekin joango dira, «kontsumitzaileak bertakoa dela jakin dezan». Zigilu horren bitartez arkume horren trazabilitate guztia jakiteko aukera izango du kontsumitzai-leak. Artzainentzat beraientzat zigilua «produktua kontrolatzeko eta kalitatea ziurtatzeko» bermea ere bada.
Orain arte bertako arkumearen %90 kanpora esportatzen zen. Baina orain adostutako hitzarmenari esker «%70 behintzat bertako BM saltokietan salduko dela ziurtatuta daukagu», azaldu du.
Arkumearena balio nutrizional altua duen haragia da
Azaroan Extremadurako Unibertsitateak egindako azterketa baten arabera, arkumea eta antxumea kontsumitzeak balio nutrizional handiak ematen dizkio gizakiari.
Azterketa horren arabera, arkumeak dituen gantz-azido ase eta monoasegabeen mailak oso orekatuta daude gaur egun. Ateratako emaitzaren arabera, kolesterol maila %4 eta %15 jaitsi da azken urteetan. Gainera, ugaria da B6 eta B12 bitaminetan. Niazina, selenio, zink eta fosforo iturri paregabea ere bada.