Ganbarara ez da gazte asko biltzen, gehienak 50 urtetik gorakoak dira. Gazteak erakarri nahi dituzte, nahiz eta haien denbora bihurria dela badakiten. Topalekua da, baita eskulanak erakusteko tokia ere.
![Legazpiko_Irule_eskulan_el](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/12/Legazpiko_Irule_eskulan_el.jpg)
Legazpiko Udal Euskaltegia dagoen eraikina oparoa da benetan. Beheko solairuan zeramika egileak elkartzen dira. Eskaileratan gora egin eta euskaraz zabaltzen da mundua. Gorago, sabaia ukitzen kasik, ehuleak daude. Ehuleak, puntuaren artisauak, margolariak, altzari zaharren berritzaileak…Ganbaran daude, teilatuan egindako leiho-zuloari esker jasotzen duten argia daukate eta argi-izpi horien azpian justu landare sorta handia daukate zein baino gorago igo nahian dabiltzanak. Han ez dira soilik hariak kateatzen, emakumezkoen topalekua da. Izan ere, ganbara horretara ez da gizonezkorik apenas biltzen.
Gazteetan ere badute hutsunea, erakarri nahi dituzte, baina ordutegiak direla-eta badakite ez dela batere erraza. Ganbaran ikastaroak ematen dituzte astearteetan eta ostegunetan. Urtarrilerako puntu-lanen ikastaroa antolatu dute eta horietara gazteren bat edo beste agertzen dela diote. Bufandak egiten dituzte eta ausart jokatzen duenak jertseak ere trikotatzen ditu. Urtarrilean hasten direnen maila zein den ikusita, ikastaroa nondik joko duen erabakiko du Arantxa Manzisidor irakasleak.
Jostunak, puntuan adituak eta ehuleak ere badira. Jada etxeak apaintzeko asko erabiltzen ez diren zapiak egin izan dituzte ugari, eta zapiak bezain ugariak dira hango artisauek dominatzen dituzten teknikak.
Ehungailu handiak dituzte, 500 hariz egindako manta erakutsi du Tere Jimeno elkarteko arimetako batek. Ehungailuak elizetako organoen moduan funtzionatzen du, eskuez gain oinak ere behar dituzte hariak lotzeko.
Pintura eta eskulanak
![Irule_elkarteko_kideak(1)](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/12/Irule_elkarteko_kideak1-300x199.jpg)
Ganbararen sakonean pintura ikastaroak egiten dituzte eta altzariak zaharberritu ere bai. Haurrekin eta gurasoekin ikastaroa egin berri dute eta birziklatutako materialekin nola berrerabilitakoekin Gabonetako apaingarriak egin dituzte.
Beste elementu bat ere badago ganbaran ezinbestekoa dena: joste-makina asko dago.
Ikastaroetara doazen ikasle gehienak ez doaz egunero Iruleko bazkideek egiten dituzten lan-bileretara eta Jimenok erreleboa nondik iritsiko den ez dakiela dio kezkatuta.
Emakumezkoen ganbaran hari-kordak ahots-kordekin harilkatzen dira eskuz egindako lanen erritmora.