Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak Oihernart Aforismoen VII. Lehiaketa irabazi du Juan Ramon Alberdirekin berdinduta. «Hausnarketa» eragiten duten 75 aforismoko sorta aurkeztu du
Ekaitz Goikoetxea sortzaileak iaz egin zuen lehenengo urratsa aforismoen generoan, modu laburraz azaldutako pentsaerak idatziz. EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakulta-teak antolatutako Oihenart aforismo lehiaketa irabazi zuen eta aurten, bigarren aldiz jaso du saria beasaindarrak: «Poz ikaragarria aurten ere, oso lehiaketa garrantzitsua delako, eta iazkoa errepikatzea ederra delako. Poz bikoitza, gainera, lehen saria ex aequo urtero-urtero saritua izan den Juan Ramon Alberdi aforista amorratuarekin izan delako».
Ezer ez eta festa! izenburua eman dio 75 aforismoko sortari. «Aurten aurkeztu ditudan sortan ere orotariko aforismoak daude, baina guztietan saiatu naiz ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien esaten, hitza isiltasuneraino bihurritzen. Hausnarketa eragiten duten aforismoak idazten ahalegindu naiz, baina umore zipriztin batzuekin, hitzei bestelako adiera bat emanez, egunerokoan oharkabean pasatzen zaizkigun ñabardurei garrantzia emanez». Horietako batzuk ondorengoak dira: Bat egiteko bi behar dira; Castro hil zenetik fidelagoak gara; Inor ez dago nora itzulirik ez duena bezain urrun; Edonor ez da norbait izatera iristen; Ispiluak geure burua aurpegiratzen digu; Etxebizitza saldu nuenean pisu handia kendu nuen gainetik.
Goikoetxearen ustez, «aforismoen mundua zoragarria da, idazle direnek ere idazten dute lehiaketarako eta indarra hartzen ari da euskaraz ere, nahiz eta oraindik genero ezezagun samarra izan».