Gabon printzak nonahi
Aste bat lehenago edo aste bat beranduago, Goierriko herri guztietara iritsi dira Gabonak eta nonahi ikus daitezke egun seinalatu horiekin lotzen diren ...
Aste bat lehenago edo aste bat beranduago, Goierriko herri guztietara iritsi dira Gabonak eta nonahi ikus daitezke egun seinalatu horiekin lotzen diren ikurrak:?kaletako argiak, zuhaitzak, olentzeroak, jaiotzak, apropos apaindutako erakusleihoak…
Gabonen adierazle horien artean badira, ordea, bereziagoak direnak eta aipamen labur bat merezi dutenak.
Olentzeroak
Legazpiko Mirandaola parke inguruan, eta Lenbur Fundazioak gonbidatuta, astebururo izan da azaroz geroztik hezur-haragizko Olentzero haurren gutunak jasotzen, baita Zegamako Anduetzan ere azken asteburu honetan, haurrekin taloak egiten. Opariak etxez etxe banatzen hasi aurretik beste geldialdi garrantzitsu bat da egiteko, bihar, Ataunen, Lizarrustiko parketxe inguruan. Barandiaran museoak eta parketxeak berak antolatutako ibilaldi magikoan parte hartzera joango da, jentilekin batera (sarrerak agortuta daude).
Baina bestelako Olentzeroak ere badira Goierrin, eta aipagarriak dira, tamainagatik, Olaberriko merkatal gunearen sarreran dagoena, eta Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan jarri dutena.
Jaiotza ikusgarriak
Gabonak geroz eta festa laikoagoak diren honetan, toki askotan mantentzen da kutsu erlijiosoa duen jaiotza jartzeko ohitura. Ikusgarriena eta handiena, 40 metro koadroko azalerarekin, Legazpiko Haztegi ikastolan, Latxartegi parkearen ondoan, herritar talde batek prestatzen duena da. Aurten Burdin Haranari eskainita dago, eta paisaia horretan kokatzen dira ohiko pertsonaiak, tartean mugimendua duten batzuk.
Apalagoak dira tamainaz Legazpin bertan jartzen diren beste jaiotza batzuk: kafe kapsulekin Garagunekoek egin eta Gizarte Zentroan jarri dutena da horietako bat, eta kultur etxean liburuekin osatutakoa. Udanan jartzen dena ere oso ezaguna da.
Urretxun, Irimo mendiaren gainean, aurten ere jarri dute jaiotza Zumarragako La Salle Legazpi ikastetxeko mendi taldekoek. Eskola honetako ikasleek, bestalde, urteroko lehiaketara hainbat lan aurkeztu dituzte eta lanak ikusgai daude urtarrilaren 7a bitartean Zelai Arizti kultur etxean.
Seguran ere badute haurrek jaiotzak egiteko joera, eta egindako lanak igandean, abenduaren 24an erakutsiko dituzte plazan, 13:00etatik aurrera.
Eta ezin ahaztu Lazkaokoa, jaiotza biziduna baita. Abenduaren 25ean egingo dute antzezpena herritarrek Lazkao-Txiki zelaian 13:00etan.
Gabonetako zuhaitzak
Zuhaitza da Gabonetako beste ikurretako bat, herrietako plazan lehen bezala ikusten ez bada ere. Goierrin badira bi aipagarri. Bata, Zumarragako Trintxeran argi urdin eta zuriekin apaindutako zumar ikusgarria –apaintzen ari zirela garabia irauli egin zitzaien udaleko langileei–, eta bestea, Beasainen, Gurutze Gorrikoek Igartza-Oleta kalean duten egoitzaren ondoan apaintzen duten pinua.
Urretxun, bestalde, geletan ikasleek egindako eskulanak erabili dituzte Labeaga kaleko zuhaitz txikiak apaintzeko.
Udanako errepide ondoan Jose Luis Arzuagak jartzen duen jaiotza
Udanako mendatean, Oñatitik Legazpira doan errepidearen ondoko zuhaitz batean Jose Luis Arzuaga arotz eta eskultore legazpiarrak duela 11 urtetik jartzen duen jaiotza ere bitxia eta ikusgarria da, txikia izanagatik. Baita misteriotsua ere, orain arte ezkutuan mantendu delako egilea.
2006ko igande goiz batean ohi zuen bezala korrika egitera atera zen Arzuaga, baina goiz hartan kirolaz gain bazuen beste egiteko bat:?Legazpitik Udanara artean jaiotza txiki bat jartzeko txoko bat bilatzea. Ez zuen toki aproposik aurkitu eta mendatean behera egin zuen, Oñatirantz, harik eta bigarren bihurgune handia igarota, ezkerretera dagoen pago bat ikusi zuen arte. Zuloa zuen enborrean pagoak eta jaiotzarako egurrezko hiru piezak egin ostean, bertan kokatu zituen, kotxe, autobus eta kamioi gidariei Gabon izpiritua eta goxotasuna helarazi asmoz. Orduz gero, abenduaren 8tik urtarrilaren 6ra bitartean urtero jartzen du (goranzko norabidean ikusten da hobekien). Lapurtu egin zituzten piezak urte batean, baina berehala ordezkatu zituen legazpiarrak. Ezezagun batek ofrenda gisa utzitako intxaurrak ere agertu dira jaiotzaren ondoan urte batzuetan;?aurten jakin du Arzuagak Legazpiko?Arantxa Irastortzak uzten zituela.
Duela 4 urte, berriz, sustoa hartu zuen Arzuagak, bide bazterreko zuhaitz zaharrak botatzen ari zirela-eta berea markatuta ikusita-koan. Libratu egin zen ordea, eta adarrak moztu eta enborra zutik utzi zuten. Jaiotzak hor jarraituko du.