Eguberriak askorentzat jai egunak izanagatik, kultur egitarauak ez du jairik hartzen, eta ekintza sorta izango da aurten ere .Jolas parkeak eta tailerrak izango dira umeentzat
Gabonak ez dira bakarrik mahaiaren bueltan esertzeko. Aisialdia eskaintza zabala antolatzen dute Goierriko herri askotan, eta herririk hazienetan, baita gabon giroko ekitaldi bereziak ere. Eguberrietako azoka berezia egingo dute Ordizian, bertso saioak izango dira Idiazabalen eta Ordizian, eta gabonetako kontzertuak egingo dituzte hainbat musika taldek. Umeentzako, berriz, jolas parkeak eta tailerrak antolatu dituzte hainbat herritan. Hemen jasotakoak, datozen egunetarako gozokietako batzuk besterik ez dira.
Puntako bi bertso saio Eguberrietan
Bertsolari Txapelketa Nagusiko olatuak jarraipena izango du datozen egunetan Goierrin.?Izan ere, bi bertso saio antolatu dituzte.?Batetik, Goierriko bertsolariak ariko dira Idiazabalen, hilaren 28an. Urtarrilaren 6an, berriz, finalisten bertso saioa egingo dute Ordizian.
Inozente egunez antolatu dute Idiazabalgo saioa, baina antolatu duten kartela, ez da bromatakoa. Goierriko sei bertsolari igoko dira tranpaldora: Iker Zubeldia zegamarra, Iñaki Apalategi beasaindarra, Iban Urdangarin ataundarra, Oihana Iguaran Idiazabalen bizi den amasarra, German Urteaga beasaindarra eta Mikel Tapia ataundarra. Saioa Idiazabalgo Guraso Elkartearen egoitzan izango da, 22:30ean hasita.
Bestalde, Ordiziako?Jakintza Ikastolaren 50. urtemuga dela eta, Bertsolari?Txapelketa Nagusian aritutako bertsolarien saioa antolatu dute, urtarrilaren 6rako. Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi eta Beñat Gaztelumendi finalistak eta Alaia Martin (Unai Agirreren ordez) etorriko dira. Saioa Majori kiroldegian izango da, 18:30ean. Sarrerak 15 euroan daude salgai,?Goierriko hainbat tokitan.
Haurrentzako parkeak nonahi
Umeek opor egunetan jolas egiteko aukera izan dezaten, hainbat herritan jolas parkeak antolatu dituzte Eguberrietarako. Urretxun eta Zumarragan, hilaren 26tik 28ra jarriko dute gabonetako haurrentzako parkea Ederrena pilotalekuan. Lazkaon izotz pista jarriko dute Euskadi plazako pilotalekuan, hilaren 27tik 30era bitartean. Beasainen, hilaren 26 eta 27an txu-txu trena ibiliko da herrigunean, eta puzgarriak jarriko dituzte Gernika pasealekuan. Ordizian eta Legazpin, urte berrirako utzi dituzte jolas parkeak; urtarrilaren 2tik 4ra egongo dira zabalik.
Gabonetako tailerrak (Ormaiztegi)
Ormaiztegiko?Zumalakarregi Museoak umeentzako tailer sorta antolatu du Eguberrietarako. Hilaren 28an gabonetako apaingarriak egiten ikasiko dute, eta 29an karikatura tailerra izango da, Pernan Goñirekin. Urtarri-lean, berriz, taloak (hilaren 4an) eta turroia (5ean) egiten ikasiko dute. Saio guztiak 11:00etatik 13:00etara bitartean izango dira; aurrez eman behar da izena.
Eguberrietako aparteko feria (Ordizia)
Ordizian Eguberrietan aparteko azoka egiten dute urtero, eta aurten ere, ez du hutsik egingo. Hilaren 27an izango da, eta 09:00etatik aurrera, animali, fruitu eta barazkien erakusketak izango dira, frontoian eta Garagartza plazan. Udaletxeko arkupean, urtean zehar nazioartean saritutako gazta ekoizleei aitortza egingo zaie.
Gabonetako emanaldi sorta
Goierriko kultur talde ugarik gabonetako kontzertu eta emanaldiak antolatu dituzte. Iparragirre-Balerdi musika bandak gaur du hitzordua, 19:30ean, Urretxuko San Martin elizan; Goiargi abesbatzak bihar, 20:00etan, Mertzedariarren elizan. Legazpiko Musika Bandak ere bihar du saioa, 19:30ean, elizan. Beti Argi Bandak astelehenean egingo du emanaldia, 13:00ean, plazan. Eta Ostadar dantza taldeak, hilaren 30ean egingo du ikuskizuna, 19:30ean, Usurbe antzokian.
‘Sortuko dira besteak’ jaialdia
KKinzona irratiak eta Gazte Asanbladak antolatuta, euskal kantagintzaren talentu berriak ezagutzeko aukera izango da,
Sortuko dira besteak jaialdian. Xendarineko ahizpak,?Errime, Seitan,?Eneritz Furyak, Mikel?Uraken eta Hatxe ariko dira kantuan. Emanaldia hilaren 29an, 19:00etan, Zelai Arizti aretoan. Sarrera doan izango da, baina borondatea eskatuko dute, gastuak ordaintzeko.