Familia txapelduna
Gauza asko egin daitezke familian: egunpasa joan, jolastu, telebista ikusi, musika entzun, Gabonak ospatu… baita Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua irabazi ere. Azken ...
Gauza asko egin daitezke familian: egunpasa joan, jolastu, telebista ikusi, musika entzun, Gabonak ospatu… baita Euskal Herriko mendi duatloi zirkuitua irabazi ere. Azken hori ez da horren arrunta, baina Saioa Arkonada zegamarrak horixe egin du, Jon Altube bikotearekin eta bi alabekin. Bikoteak errele-boen modalitatea irabazi du eta beraien alabak proba guztietara joan dira, gurasoak animatzera.
Arkonada beti izan da kirolzalea. «Nerabezaroan etenaldia egin nuen eta Jonekin hasi nintzenean, 2003an, lehiatzen hasi nintzen. Hasieran txirrindularitza martxak egin genituen, baina ez nintzen trebea bizikleta gainean. Berehala korrikan hasi nintzen, mendiko lasterketetan. Ondoren, errepide gainean egiten diren probetan ere parte hartzen hasi nintzen. Gaztetan ere atletismoa egin nuen, baina institutu garaian utzi nuen».
Bai errepidean eta bai mendian, oso emaitza onak lortu ditu. Errepidean, Urduña, Oñati eta Usansolon lasterketak irabazi ditu. Mendian, Bediako eta Antzuolako podiumak zapaldu ditu, besteak beste.
Mendiko duatloietan aurten hasi da. «Hamar proba egin dira eta hamarretan parte hartu dugu. Lehen kilometroak korrikan egiten dira, ondoren bizikletan eta bukatzeko korrikan. Nik korrika egin dut eta Jon bizikletarekin aritu da. Nire gusturako, proba motzegiak dira. Su batean ibili beharra dago eta lehertuta bukatzen duzu», azaldu du.
Hasieran, beraien helburua ez zen irabaztea. «Probatzea erabaki genuen eta, lehen probetan puntuak lortu genituenez, jarraitu egin genuen. Bikote mistoei proba guztietan gainontzeko bikoteei baino hiru puntu gehiago ematen dizkigute».
Arrakastaren sekretua
Arkonadak eta Altubek beste parte hartzaile askok ez duten laguntza estra bat dute:?beraien alaben eta gurasoen txaloak eta animoak. Bi alabak proba guztietara joaten dira, aitona-amonekin. «Aitona-amonen laguntzarik gabe, ezinezkoa litzateke mendiko duatloi zirkuituan parte hartzea. Proba guztietara joaten dira, gure alabekin».
Entrenatu, berriz, txandaka egiten dute. «Haur Hezkuntzako irakaslea naiz, Elkar Hezi ikastetxean. Goizean, eguerdian edo gauean entrenatzen dut. Ahal dudanean. Jon, berriz, lantegitik irteten denean joaten da entrenatzera», azaldu du.
Mendi duatloi zirkuituan parte hartzeaz gain, asfalto gaineko probetan eta mendiko lasterketetan ere parte hartzen du. Batzuetan, asteburu be-rean bi probatan parte hartzen du. Baita egun berean ere. «Denboraldiko helburu nagusia Zegama-Aizkorri izaten da».
Elkarrekin, elkarrentzat
Datorren urtean ere zirkuitua egingo dute, beharbada. «Orain atseden hartzen ari naiz. Izan ere, denboraldia luze samarra egin zait. Baina mendi duatloi zirkuituan oso giro ona dago eta beharbada datorren urtean ere parte hartuko dugu. Erreleboen modalitatea berria da eta antolatzaileak oso gustura daude. Izan ere, bikote askok parte hartu dute. Guri ere asko gustatu zaigu:?elkarrekin eta elkarrentzako lehiatzeko aukera eman digu. Alabei ere ilusio handia egiten die aita eta ama elkarrekin lehiatzen ikusteak», amaitu du korrikalari zegamarrak.
Ordiziako Oihana Arratibel eta Ander Biguri, azpitxapeldun
Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko podiumak izen goierritar gehiago izan ditu. Izan ere, Ordiziako Oihana Arratibel eta Ander Biguri bigarren sailkatu dira Arkonada eta Altuberen atzetik, lehia estua izan ondoren.
Azaroaren 18an eman zioten amaiera zirkuituari Getarian, irailean hasita hamar proba jokatu eta gero, Proba horiek hiru zati izaten dituzte:?lehenengo, korrika egiten dira 5-6 kilometro mendian;?ondoren, mendiko bizikletaz 15 kilometro;?amaitzeko, beste 2-3 kilometro korrika. Erreleboka egiten dira probak. Arratibel korrika ibili da, eta Biguri bizikletan.