Ikazkinaren mitoen atzetik
Lizarrusti parketxeak eta Jentilbaratza Elkarteak antolatuta, euskal mitologian barrena ibilbidea egin dute asteburuan bostehun lagun inguruk. Olentzero ikazkina ere han zen.Mito eta tradizio gehienak bezala, Olentzerorena ere ahoz aho eta belaunaldiz ...
Lizarrusti parketxeak eta Jentilbaratza Elkarteak antolatuta, euskal mitologian barrena ibilbidea egin dute asteburuan bostehun lagun inguruk. Olentzero ikazkina ere han zen.
Mito eta tradizio gehienak bezala, Olentzerorena ere ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi iritsi da gugana. Eta Ataunen mitoen inguruan badakite zer edo zer. Jentilen etorrerarekin eta ibilbide mitologikoekin hasitako bidean, Gabon inguruan Ibilaldi Magikoa antolatzen hasi ziren duela urte batzuk. Asteburuan egin dute dozenaka lagunek, eta euskal mitologian sakontzeaz gain, Olentzero ikazkinaren ofizioa hobeto ezagutzeko aukera izan dute, bertan zabaldu baitute hiru astez piztuta izandako txondorra, ikatza ateratzeko.Larunbat goizean bostehundik gora lagun bildu ziren Lizarrustiko parketxean, hango basoetan barrena prestatutako ibilbideari ekiteko prest. Harkaitz, zuhaitz eta orbel artean, han zituzten zain Allekoko aztia, Mokomari eta Basajaun. Etsai, Akerbeltz eta sorginak ere atera zitzaizkien bidera. Baita jentilak ere, Muski buru zutela. San Martin txikiren eta Tortoren arteko tirabirak ere antzeztu zituzten.
Txondorra eta ikazkina
Ataunen eta inguruetan jende askoren ogibide izan zen ikazkintza, eta baita Olentzero berarena ere. Duela hiru bat aste martxan jarritako txondorra desegin eta ikatza atera zuten larunbatean. Olentzero eta Maridomingi bertan izan ziren, umeen gozamenerako.













