Xabier Zalduak apustua jokatuko du igandean Azpeitin
Xabier Zaldua aizkolari zumarragarrak apustua jokatuko du igandean Joxe Etxeberriaren aurka, Azpeitiko zezen-plazan. Zalduak 10 kanaerdiko ebakiko ditu eta 10 kilometro egingo ditu korrikan eta Etxeberriak 10 kanaerdiko eta 8,6
Xabier Zaldua aizkolari zumarragarrak apustua jokatuko du igandean Joxe Etxeberriaren aurka, Azpeitiko zezen-plazan. Zalduak 10 kanaerdiko ebakiko ditu eta 10 kilometro egingo ditu korrikan eta Etxeberriak 10 kanaerdiko eta 8,6 kilometro. Norgehiagoka 12:00etan hasiko da eta sarrerak 30 euro balio du. Bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan.
Zumarragarrak apustua jokatzeko gogo bizia du. Izan ere, abendua hasieran Arria V.en aurka galdu egin zuen eta arantza atera nahi du. «Antsia puntu bat dut. Aurrekoa ezabatu nahi dut, ez bainuen nire maila eman». Ez da lan erraza izango, arerioari abantaila handia eman baitio. «Horrek kezka apur bat sortzen dit. Iazko erreferentziak erabilita sinatu genuen apustua, baina ordutik asko hobetu du. Dena den, ez naiz horren beldur».
Zalduak apustu honen ondoren hilabete bateko atsedenaldia hartzeko asmoa zuen, baina ez du horretarako aukerarik izango. «Urrezko Aizkorako binakako txapelketara gonbidatu didate eta urtarrileko hiru asteburutan saioak izango ditut: 6an Elorrion, 14an Beizaman eta 20an Zizurkilen. Jon Irazu izango da nire bikotea. Santa Lutzi egunean lehenengoz elkarrekin aritu ginen eta espero baino hobeto moldatu ginen».