Koboloi jostailu dendak irabazi du Lazkaoko erakusleihoen lehiaketa
Bigarren saria Errotaundik jaso du eta hirugarrena, Miszelaniak. 29 dendak parte hartu dute guztira. Botoa eman duten herritarren artean erosketa bonoak zozkatu dituzteLazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak antolatuta, Gabonetako erakusleiho l...
Bigarren saria Errotaundik jaso du eta hirugarrena, Miszelaniak. 29 dendak parte hartu dute guztira. Botoa eman duten herritarren artean erosketa bonoak zozkatu dituzte
Lazkaoko Udalak eta LazkaOn merkatari elkarteak antolatuta, Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu dute aurten ere Lazkaon. Guztira 29 dendak parte hartu dute, eta herritarren botoek erabaki dute irabazlea: Koboloi jostailu denda. «Aurten lan handia egin dugu erakusleihoa prestatzen; irailean hasi ginen», azaldu du Mireia Estevezek, dendako jabeak. Gozokizko etxe bat eta gaileta itxurako panpinak egin dituzte, den dena kolore ezberdinetako fieltro pusketak josita. «Oso gustura nago sariarekin!».Bigarren saria Errotaundik jaso du, eta, hirugarrena, Miszelaniak. Diploma bana eta produktu ezberdinek osatutako saskiak jaso dituzte saritutako merkatariek. Iñaki Estensoro Lazkaoko zinegotziak «merkatarien irudimen handia eta erakusleihoen originaltasuna» nabarmendu ditu.
Erakusleiho lehiaketaren helburua, urtean zehar antolatu dituzten beste hainbat ekintzarena bezalaxe, herriko merkataritza sustatzea da. «Herrian erostearen garrantzia nabarmendu nahi da, merkataritzak eta ostalaritzak herriko ekonomiari eta lanpostuei egiten dien ekarpena aintzakotzat hartuz», esan du Estensorok.
Erakusleiho lehiaketaz gain, urtean zehar ekintza ugari antolatu dituzte udalak eta LazkaOn elkarteak. Martxoan erosketa bonoen kanpaina egin zuten, eta irailetik urrira udazkeneko kanpaina. Gainera, merkatari eta ostalariei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte, «eskaintza hobea ematera bideratuta».
Erosketa bonoen zozketa
Udalak eta LazkaOn elkarteak argi dute herriko merkataritza ez litzatekeela bizirik mantenduko herritarren kolaboraziorik gabe. Hori dela eta, haien ahalegina eskertzeko asmoz, erosketa bonoak zozkatu dituzte Gabonetako erakusleiho lehiaketarako botoa eman duten herritar guztien artean —1.417 boto zenbatu dituzte—. Argoitz Galparsorok 400 euroko erosketa bonoa irabazi du. Eufrosina Dulgheruk, Mila Barrealek, Maribel Arratibelek eta Beatriz Hernandezek, berriz, 150 euroko erosketa bonoak jaso dituzte. Irabazleek erakusleiho lehiaketan parte hartu duten dendetan gastatu ahal izango dituzte.
Udala baikor agertu da Laz- kaoko merkataritzaren etorkizunarekin ere. Estensororen hitzetan, «nabarmentzekoa da azken hilabeteetan herrian irekitzen ari diren merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu berriak». Ekonomia sustatu eta lanpostuak sortzeaz gain, udalaren ustez positiboa da herritarrei begirako zerbitzu berriak izatea erabilgarri. Bide horretan, elkarlanaren aldeko apustua egiten jarraituko duela adierazi du Lazkaoko Udalak.












