Ormaiztegin lokatzari distira dario
Urtarrilaren 7an 47. aldiz jokatuko da Ormaiztegiko Ziklo-Krosa. 1962an egin zuten lehenengoa, eta harrezkero ia hutsik egin gabe antolatu izan dute. Bi etenaldi ...
Urtarrilaren 7an 47. aldiz jokatuko da Ormaiztegiko Ziklo-Krosa. 1962an egin zuten lehenengoa, eta harrezkero ia hutsik egin gabe antolatu izan dute. Bi etenaldi izan ditu, hori bai: 1976tik 1978ra, eta 1998tik 2003ra. Azken aroan, 2004tik sendotu da proba.
Ziklo-krosean ohikoa denez, buruz buruko dema lehiatuak ikusi izan dira: Talamillo eta Mendijurren artean hasieran; Basualdo eta Gonzalez 1970eko hamarkadan; Maiora, Iurrebaso eta Bijandi nor baino nor 1980ko hamarraldian; edota Ruiz de Larrinaga eta Hernandez azken 7 urteetan.
Erregetzak ere jarri dituzte ziklista batzuek Ormaiztegin. Iñaki Maiora ormaiztegiarra da distiratsuenetakoa: 6 aldiz irabazi zuen herriko proba. Garaipen gehien dituena Javier Ruiz de Larrinaga arabarra da, zortzi. Jose Mari Iurrebaso urretxuarra (5) eta Aitor Hernandez ermuarra (3) daude ondoren. Amelio Mendijur urretxuarrak, Jose Maria Gonzalezek, Jose Maria Basualdok eta Iñaki Bijandik bina garaipen dituzte.
De Vlaeminck 1979an
Lehen aroa bukatu, hiru urtez hutsunea egin, eta 1979an itzuli zen ziklo-kroseko egutegira Ormaiztegiko proba. Mundu mailako figura handiak ekarri zituzten, jada indartuta zeuden Goierriko gazteen erakusgarri.
Eric de Vlaeminck belgikarra (Eeklo, 1945 – 2015) zen gonbidatu izarra, De Parijs herkidearekin batera. Munduko ziklo-kros txapeldun zazpi aldiz izana zen ordurako; Frantziako Tourrean etapa bat ere bazuen, linean. Ormaiztegin, ordea, ez zuen distiratu. Bizi profesionalaren bukaeran zegoen jada (hurrengo urtean erretiratuko zen, 1980an). Bi goierritarrek menderatu zuten: Iurrebaso lehenengo, eta Maiora bigarren.
1979an, 1980an eta 1981ean nazioarteko probak izan ziren Ormaiztegikoak. 1992an eta 2006an Euskadiko txapelketak jokatu ziren.